Ostiralean Osasuna Magnak Gran Canaria taldea hartu zuen Anaitasuna pabilioian, 2.000 zale ingururen aurrean. Jokalari berdeek ez zuten inolako arazorik izan partida irabazteko. Horrela, jokatutako 5 jardunaldietan galdu gabe jarraitzen du taldeak eta hirugarren postuari eusten dio.
Partida hasieratik argi eta garbi geratu zen Osasuna Magna taldearen nagusitasuna. Bigarren minuturako hasi zen gol festa: Aracak eta Martelek gola sartu zuten, eta nahiz eta Gran Canariak 12. Minutuan gola sartu, handik minutu batera Eseverrik hirugarrena sartu zuen. Bigarren zatian gol aukerak bata bestearen atzetik izan zituen Osasuna Magnak. 6 minutuko tartean 3 gol sartu zituen Osasuna Magnak: Araça, Usin eta Alvarito izan ziren golegileak. Bigarrena sartu zuen Gran Canariak, baina Usinek Osasuna Magnaren zazpigarrena sartzea lortu zuen eta horrela despeditu zen partida.
Sailkapenean hirugarrenak
Imanol Arregi oso kontentu zegoen aste honetan taldeak egindakoarekin. “Aste batean ligako bi partidetan sei puntu batzea eta Errege Kopan aurrera egitea sekulakoa da. Espainiako Kopara sailkatzeko 8 edo 9 puntutara gaude. Orain, errekuperatu eta hurrengo partidan pentsatu beharra dugu, Cartagenaren kontrako lehia konplikatua izango baita” adierazi zuen misterrak. Halaber, Gran Canariaren kontrako garaipena “nahiko erosoa” izan zela aipatu zuen, bere jokalariek “partida ona, serioa” egin zutelako.
Sailkapen orokorrean Bartzelona da liderra, 15 punturekin. Osasuna Magna hirugarrena da, 13 punturekin. Ostiralean 6 punturekin sailkapenean 9.a den Plast. Romero Cartagena taldea izango du aurkari Osasuna magnak, 21:15ean, Murtzian.