Goazen, ETBko pantailatik Irurtzungo kiroldegira

Guaixe 2017ko urr. 20a, 11:12

Larunbatean, 18:00etan hasiko da antzezlana. Ordu erdi lehenago txokolate-jana izanen da atarian eta ikuskizuna bitartean edariak eta pintxo goxoak dastatzeko aukera.

ETBko Goazen telesailean Basakabi udalekuko istorioak kontatzen dira. Saioak telebistatik antzokira salto egin du eta hura ikusteko aukera izanen da Irurtzunen bihar. ETBko gazteendako saioko denboraldi berria mustu aurretik ekarri du antzezlana Sakanara Aizpeak, Irurtzungo euskaltzaleen topaguneak. Musikalean gaztetxoen arteko maitasuna, umorea eta abenturak ikusiko dira, kantuz eta dantzez hornituta.

Hariari dagokionez, udarekin batera Basakabi udalekuak ateak zabalduko ditu eta gaztez beteko dira. Denak abesteko, dantzan egiteko eta ondo pasatzeko prest daude, nahiz eta Zuzen zuzendariak (Ramon Agirre) bere arau eta debekuekin ez dizkien gauzak erraztuko. Elene eta Haizea bikiak (Paula eta Aitana Etxeberria) mutil beraz maiteminduko dira, udaleko langile den Mikelez (Markel Gajate). Hari hasieratik Haizea gustatuko zaio, baina gero Elenerekin geratuko da eta hortxe hasiko da nahaste-borrastea. Bestetik, Markel (Asier Burguete) dago; mutil alaia eta baldar xamarra dugu, eta batez ere tripontzia, istiluetan sartuta bukatzen du beti eta ondorioz, zigortuta. Gari (Aritz Mendiola) da udalekuko mutiko gaiztoa, Markel etengabe zirikatzen ibiltzen dena.