Galtzaileetan txapeldun

Guaixe 2017ko urr. 20a, 10:48

Horixe dira Irurtzungo antzerki zikloa itxiko duen Las princesas del pácifico antzezlaneko protagonistak. La Estampida antzerki taldeak igandean jokatuko du lana, 20:00etan, kultur etxean.

Familia bat. Izeba eta iloba. Agustina (Alicia Rodriguez) eta Lidia (Belen Ponce de Leon). Pobreak eta zakarrak. Bakarrik daude. Elkarri diote. Pisu umilean bizi dira. Zorrekin. Euren, aldamenekoen eta telebistakoen miseriek osatzen dute haien unibertsoa. Baina bizitzak menia eskaintzen die: itsas-bidaia zoragarria. Sekula eskuratzea pentsatzen ez zutena. Haien ametsa! Edo hori uste zuten.

Agustina zuzena, arina, espontaneoa, emotiboa eta dibertigarria da. Beldurrez hilda, manipulazioa eta biktimismora joko du ilobari ondoan eusteko. Lidia, berriz, hogeita gutxi urte ditu eta konplexuz eta segurtasun falta ikaragarria du.

Igandekoa atzean gizarte drama bat duen komedia da; miseria, gizarte bazterketa, galera, bakardadea, hipokrisia, itxurakeria eta beste hizpide dituena. Bufoi garaikidearen lana melodramarekin uztartzen du obrak. Eta, horrela, groteskoaren mugan dagoen baina, aldi berean, oso gizatiarra den mundu bat irudikatzen dute bi aktoreek.