Osasuna Magnak bolada onean jarraitzen du. Ostiralean, Murtzian, ez zen inolako sorpresarik egon eta talde berdeak Cartagena menpean hartzeko ez zuen inolako arazorik izan.
Bigarren minuturako Bynhok Osasuna Magna aurreratu zuen. Berdeek behin eta berriz eraso zuten Cartagenekoen atea, eta hauek ahal zuten moduan saiatu ziren Imanol Arregiren mutilen erasoa gelditzen. Bynhok bigarrena sartu zuen, eta Asierrek Osasuna Magnaren atea bikain defendatu zuen. Bigarren zatia hasi eta berehala Cartagenak gola sartu eta 1 eta 2 hurbildu zen markagailuan. Baina Cartagenako Pelék area barruan Osasuna Magnako Alvarito jo zuen, baloirik gabe, eta txartel gorria ikusita aldageletara joan behar izan zuen. Horrela, Cartagena jokalari bat gutxiagorekin geratu zen. Eseverrik penaltia sartu zuen. Hortik aurrera, gauzak errazago izan zituen Osasuna Magnak. Rafa Usinek laugarren gola sartu zuen eta Eseverrik bosgarrena. Cartagenak bigarrena egitea lortu zuen, baina Araçaren jaurtiketak Cartagenaren ate barruan bukatu zuen eta, azkenean, 2 eta 6 irabazi zuen Osasuna Magnak.
Imanol Arregi entrenatzailea bere jokalariek egindako jokoarengatik oso kontentu zegoen. “Garaipenarekin pozik nago, ez baita erraza izan. 1 eta 3 arte kosta egin zaigu, Cartagena arerio borrokalaria baita. Oso kontentu nago taldea egiten ari den lanarekin” nabarmendu zuen Irurtzungo entrenatzaileak.
Derbiaren zain
Sailkapen orokorrean Movistar Inter da liderra (16 puntu) eta Osasuna Magna bigarrena da, puntu berberekin. Bikaina, talde berdearen denboraldiaren hasiera. Ostiralean derbia dago jokoan, Osasun Magnak 7 punturekin sailkapenean bederatzigarrena den Aspil Vidal Ribera de Navarra taldea hartuko baitu etxean, Anaitasuna pabilioian, 21:15ean. Bi taldeen arteko partidan giro berezia egoten da, jatorra, eta halakoa espero da ostiralerako. Imanol Arregiren taldeak bigarren postua eutsi edo lidergoa lortu nahiko du. Ea derbiak zer uzten duen.