Imanol Arregiren mutilen bolada onak ez du etenik. Atzo Errege Kopako final zortzirenak jokatu ziren eta talde berdeak 2 eta 4 hartu zuen menpean Palentziako Guardo taldea. Guardo sorpresa emateko prest zegoen, Aspil Vidal bidean uztetik baitzetorren eta euren zaleen babes handia alde baitzuen, baina partida hasieratik Osasuna Magnak dominatu egin zuen eta berehala gol aukerak sortzen hasi ziren Imanol Arregiren mutilak. Guardok ongi eusten zuen, euren aukeren zain, baina, azkenean, 9. minutuan Alvaritok Magna Gurpearen lehen gola sartu zuen. Erasoan jarraitu zuten berdeek eta Eseverrik bigarrena sartu zuen. Bigarren zatian, Bynhok berdeen hirugarrena lortu zuen, eta nahiz eta Guardok gola sartu eta 1 eta 3 gerturatu, Victorren jaurtiketak Guardoren atean bukatu zuen eta, azkenean 2 eta 4 irabazi zuen Osasuna Magnak.
Horrela, Osasun Magna Errege Kopako final laurdenetarako sailkatu da, Jaen, Rios Renovables Zaragoza, Barcelona, Movistar Inter; Rivas Futsal, Naturpellet Segovia eta Cartagenarekin batera. El Pozo Murcia eta Catgas Energia txapelketatik kanpo geratu ziren.
Ostiralean, derbia
Lehen mailako ligan gauzak bikain doazkio Osasuna Magnari. Movistar Inter da liderra (16 puntu) eta Osasuna Magna bigarrena da, baina puntu berberekin. Bikaina, talde berdearen denboraldiaren hasiera. Ostiralean derbia dago jokoan, Osasuna Magnak 7 punturekin sailkapenean bederatzigarrena den Aspil Vidal Ribera de Navarra taldea hartuko baitu etxean, Anaitasuna pabilioian, 21:15ean (Eurosport 2). Bi taldeen arteko partidan giro berezia egoten da, jatorra, eta halakoa espero da ostiralerako. Imanol Arregiren taldeak bigarren postua eutsi edo lidergoa lortu nahiko du. Ea derbiak zer uzten duen.