Martina quiere bailar taldea Folk ametsetan zikloa zabaltzeko

Guaixe 2017ko urr. 27a, 14:21

Larunbatean, 20:00etan, Irurtzungo kultur etxean. Zikloa heldu den larunbatean osatuko da Maite Itoiz eta John Kellyren emanaldiarekin.

Folk musika ezin du hutsik egin Irurtzungo udazkenetik. Folk ametsetan zikloak atzera ere herri musikako doinuak ekarriko ditu Irurtzungo kultur etxera. Zikloa Martina Quiere Bailar taldeak zabalduko du. Seikote batek osatzen du taldea, 2010ean Madrilen sortua. Euren errepertorioan Europa erdialdeko folk musikak eragin handia du. Taldekideek diotenez, dantzarako herri musikatik edanez sortzen dute ñabarduraz betea dagoen soinua. Ez dute ez mugarik ez geografiarik onartzen haien musika inongoa ez dela eta, aldi berean, toki guztietakoa dela diote.

Seikoteak bi disko ditu kalean. Aurrena Vueltas y revueltas izenburukoa 2013an argitaratu zuten. Bigarrena, berriz, Noviembre du izena eta 2016koa da. Eszenara jotzera aterako dira Esther Sanchez (5 sokako bibolina), Sonsoles Arribas (biolina eta  nykelharpa), Diego Sanchez (gitarra), Juan de la Fuente (perkusioa), Alberto Roman (kontrabaxua) eta Vasyl Hrosu (akordeoia).