Ostiralean Osasuna Magna eta Aspil Vidal Ribera de Navarra taldeen derbia jokatu zen Anaitasuna pabilioian, Irurtzungo taldearen etxean. Bi taldeen zaleek sekulako giroa jarri zuten eta derbiarekin gozatu ederra hartu zuten guztiek.
Osasuna Magna Xota zen faboritoa: bolada bikainean, sailkapenean bigarrenak eta etxean jokatzen. Baina Tuterakoak ez ziren kikildu eta arerio faboritoa irabazteko sekulako gogoekin atera ziren kantxara. Horrela, sekulako tentsioarekin hasi zen partida, derbi guztietan ohi bezala. Aspil Vidalekoak aurreratu ziren, Osasuna Magnaren akats bat probestuta. Osasuna Magna partidari buelta ematen saiatu zen; derbian punteria falta nabarmena izan zuten berdeek, Araçak berdinketaren gola sartu arte. Partida erremontatzeko gol aukera argiak huts egin zituzten Imanol Arregiren mutilek, eta egoera are gehiago okertu zen, atsedenaldia baino lehen Aspilek bigarrena sartu zuenean.
Bigarren zatian berehala berdintzeko asmoarekin atera ziren kantxara jokalari berdeak. Baina, lehen zatian bezala, gol aukerak ez zituzten gauzatzen. Partida bukaeran atezain-jokalari formula erabili zuen Imanol Arregik. Eseverrik bina berdindu zuen, baina minutu batera hirugarrena sartu zuen Aspilek. Eta partida despeditzeko 35 segundoren faltan iritsi zen polemika, arbitroak ustez Eseverriri egindako penalti zalantzagarri bat seinalatu zuenean. Aspilekoak haserre bizian zeudela, Eseverrik penaltia sartu zuen eta hiruna berdintzea lortu zuen Osasuna Magnak.
“Partida lapurtu digute” zioten, behin eta berriz, Aspil Vidaleko jokalariek. “Sekulako partida egin dugu, Osasuna Magna hobekien zegoenean. Hiru puntuak merezi genituen. Nire jokalarien kexuak konpartitzen ditut, guztiz” zioen Aspil Vidaleko entrenatzaile Jose Lucas Mena “Pato”-k. Imanol Arregik ere Patok arbitroekiko zituen kexuak konpartitu zituen “lehen zatian bi esku eskandalagarri ikusi ez dituelako. Arbitroak ez dira behar bezala aritu, bi aldeetara” nabarmendu zuen. Halaber, berdeen punteria faltagatik galdutako gol aukerak aipatu zituen.
Azkenean puntu banaketarekin despeditu zen partida, inor kontentu utzi ez zuena.
Bi jardunaldiko astea: Jaen eta Palma Futsal aurkari
Lehen mailako sailkapen orokorrean Movistar Inter da liderra (19 puntu), Barcelona Lassa bigarrena (18 puntu) eta Osasuna Magna hirugarrena (17 puntu). Aste honetan bi jardunaldi daude jokoan. Asteartean, sailkapenean 5.a den Jaen Paraiso Interiorren kontra jokatuko du Osasuna Magnak, Andalucian, eta ostiralean, Osasuna Magnak sailkapenean 7.a den Palma Futsal hartuko du Anaitasunan, 21:15ean. Hortaz, aste gogorra dute aurretik Imanol Arregiren mutilek, eta goiko postuari eustea dute jokoan.