Osasuna Magnak denboraldiko lehen porrota sufritu zuen atzo Jaenen. Jaengoak beti talde berdearen gainetik egon ziren eta, azkenean, 5 eta 0 galduta itzuli ziren etxera Imanol Arregiren jokalariak. Azkenaldiko partida jarraituen zama nabaritu zuten berdeek.
Hasieratik Jaenek dominatu zuen. Gol aukerak sortu zituzten hasieratik eta arean itxita egon behar izan zuten berdeek. Seigarren minututik aurrera erasoan hasi zen Osasuna Magna, eta une horretatik aurrera bi taldeak parez pare ibili ziren. Gol aukerak izan zituzten nafarrek, baina ez zituzten gauzatu. Eta berdin Jaenek. Horrela, 16 minutuan Dani Martinek Jaenen aldeko gola sartu zuen, eta handik segundo eskasetara bigarrena sartu zuen Jaenek. Gauzak okertzeko, atsedenaldia baino lehen hirugarrena lortu zuten andaluziarrek.
Atsedenaldiaren ondoren Osasuna Magna saiatu zen, baina Alvaritoren jaurtiketa gelditu zuen Didac atezainak, eta Jaen izan zen laugarrena sartu zuena. Atezain-jokalari formularekin saiatu zen Arregi, baina, ezin. Eseverrik bigarren txartel horia ikusi zuen, jokalari bat gutxiagorekin geratu ziren berdeak eta Jaenek bosgarrena lortzeko tartea izan zuen.
Gaurko partiden emaitzen zain, momentuz Movistar Inter da liderra (19 puntu) eta Osasuna Magna laugarren postura jaitsi da (17 puntu).
Ostiralean Palma Futsal hartuko dute Anaitasunan
Aste gogorra izango da hau Lehen Mailako Areto Futbol Txapelketan aritzen diren taldeendako. Atseden hartzeko apenas astirik gabe, Osasuna Magnak ostiralean atzo Aspil Vidalekin bana berdindu zuen Palma taldea hartuko du Anaitasuna pabilioian, 21:15ean. Partida zuzenean eskainiko du Eurosportek. Ea porrota ahaztu eta garaipenaren xenda berreskuratzen duten berdeek.