Folk ametsetan zikloa despeditzeko Maite Itoiz sopranoak eta John Kelly abeslariak kontzertua eskainiko dute. Euren ahotsak harpa zeltiarrarekin, errenazimenduko lautearekin, txirulekin eta perkusioarekin lagunduko dute. Eta, horrela, Erdi Aroan hasi eta gaur egunera arteko errepertorioa eskainiko dute, herri musika, euren sorkuntzak eta eta euskal kantutegia tartekatuz. Eztarriak berotu eta koroak egiteko aukera aparta izanen da biharkoa.
Soprano nafarrak eta haren senarrak ibilbide zabala egin dute, elkarrekin nahiz bakarka. Askotariko estiloak landu dituzte eta Alemanian lehen postua lortu dute biek osatzen duten Elfenthal izeneko taldearekin, rock sinfonikoa jorratzen duena.