Elkartasunezko bigarren eskuko azoka igandean

Guaixe 2017ko aza. 3a, 09:56
Igandean Irurtzungo azokan mauka ederrak opatzeko aukera izanen da.

Itxipuru taldeko kideak 33. aldiz bigarren eskuko azoka antolatzen ari dira. Iganderako dena prest dute. Makina bat liburu, etxetresna elektriko, arropa, disko, altzari, jostailu… guztiei bigarren bizi bat eman nahi diete, prezio onean salduz. Kontsumo arduratsua sustatu nahi du horrela Itxipuru taldeak. Igandean, 10:00etatik 14:00etara, eginen da azoka, plazan. Azokaz aparte umeendako tailerrak eta jolasak izanen dira, musika eta pintxo beroak eskaintzen dituen barra.

Ohi bezala, ateratako dirua ekimen bat laguntzeko izanen da. Oraingoan Sakana Harrera Harana taldearen aldeko azoka izanen da. Aurten ibarrean sortu den taldeak errefuxiatuen errealitatearen inguruan sentsibilizatzea du helburu. Sakana Harrera Haranako kideak azokan izanen dira taldearen berri ematen. Gainera, errefuxiatu eremuen inguruko argazki erakusketa jarriko dute eta zenbait irakurgai ere bai.

Azokaren osagarri ezinbesteko bihurtu da elkartasun afaria. Pasa den larunbatean egin zuten eta 37 pertsona elkartu ziren Siriako jakiekin gozatzera.