Zer da Pikuxar euskal txokoa?
Hausnarketa sakon eta luze baten ondoren esan dezakegu euskalgintzan, kulturgintzan eta herrigintzan mugitzen den euskaldunen eta euskaltzaleen elkartea dela; euskararen normalizaziorako pausoak ematen dituena.
15 urte ditu, ezta?
Bai. Hasieran helburu batzuk ez zituen hain argi, ardatz batzuk bai, baina orain egin dugun hausnarketa sakon hau ez, behintzat.
Zergatik sortu zen 2002an Pikuxar euskal txokoa?
Irurtzunen ez zegoen tabernarik euskal musika entzuteko, gazteak elkartzeko. Guztiok Larrazpi gazte elkartetik edo Orritz dantza taldetik etortzen ginen. Kulturan mugitzen ginen. Elkartzeko toki bat eta taberna bat faltan sumatzen genituen. Horrela sortu zen, gehiegi pentsatu gabe sartu ginen abentura honetan.
Mabell taberna hutsik dago, goazen hartzera?
Gutxi gorabehera horrela izan zen, bai. Gainera, alokatzeko apustua egin genuen, ez genekielako nola aterako zen. Alokairuan orain arte egon gara.
Eta izena, nondik?
Bozketa egin zen. Hemengo toponimo bat da.
Nola antolatu zineten?
Zaila da. Elkarte bat ginelako eta elkarteak taberna bat zeukalako. Goragehera handiak izan ditugu tabernaren kudeaketarekin, inor ez garelako enpresariak. Kudeaketa ikasten joan gara. Azken bi urteetan bi pertsonaren artean daramate tabernaren kudeaketa eta besteok beste arlo batzuetan mugitu gaitezke. Bestela, zuzendaritza tabernarako zegoen.
Krisia egon da. Gizartean ohitura aldaketak. Ostalaritzak behera egin du. Piperoak sortu dira. Telebista eskaintza izugarri zabaldu da. Iruñea gertu dago...
Bai, kristoren aldaketa sumatu dugu. Baita egoera pertsonetan ere. Asko aldatu dira. Gazte izatetik, askoz ere ardura gehiago izatera pasa gara. Hasi ginenean elkartekideek ez zuten umerik, orain pila bat dira. Egoera erabat aldatu da. Jaitsi zen tabernaren erabilera eta hori guztia, eta krisi momentu batean sartu ginen. Horrek hausnarketa horretara eraman gintuen.
Krisiarekin, eta gabe, kideak auzolanak egin izan dituzue proiektua aurrera ateratzeko, ezta?
Bai. Krisiarekin dirua behar genuen. Elkarteak batzuetan tabernari laguntza ekonomikoa eman behar izan dio une horietan. Orain proiektu berria gauzatzeko, dirua ateratzeko helburuz, bestelako auzolanak egiten ari gara: tabernak hartuz eta beste.
15 urte. Gaur egunera arteko ibilbideaz zein balorazio egin duzue?
Behar bada zuzendaritza batzordean gaudenak optimistak gara, edo ilusio handiena dugunak gara, eta oso balorazio positiboa egiten dugu. Krisialdi momentuak izan ditugu eta buelta eman diogu. 15 urtetan mantentzen jakin dugu. Beraz, oso positiboa.
Zenbat kide ditu Pikuxarrek gaur egun?
72. Esan beharra dugu jendea sartzen hasi dela. 67 ginen eta bi astetan bost bazkide egin dira.
Hausnarketa horren ondoren ilusioa duzuelako?
Jakina. Krisialdi horren ondoren lan ardatza desberdinak sortu ziren. Eta hemen egoteko garaia, alokairuan, bukatuta zegoela ikusten genuen. Oinarri sendoak ditugu aurrera jarraitzeko eta lekuz aldatzea erabaki dugu. Etxe pila bat ikusi genituen eta herri erdian dagoen bat da gehien gustatzen zaiguna. Ematen dituen aukerengatik. Oso egokia da. Horren aldeko apustua egin dugu. Egoitza garestia da. Lan handia eskatzen du, baina bideragarria dela ikusi dugu.
Alokairutik erostera pasako zarete, beraz?
Hala da. Horrelako sendotasuna, edo elkarteari eta proiektu osoari seriotasun handiagoa ematea. Proiektua ez da bakarrik egoitza. Dirua eskatzen duena da. Baina proiektua da esandako guztia.
Euskalgintzan, kulturgintzan eta herrigintzan eragiteko egoitza propio bat nahi duzue.
Hori da. Hiru urterako plan estrategiko bat egin dugu eta hiru ardatz horiek garrantzitsuenak zirela ikusi dugu. Horiek lantalde bihurtu ditugu. Beste lantalde bat egoitzaz arduratzen da, bestea diru-kontuez. Kontu potoloak eta kontu txikiak. Hori guztia kudeatzeko kudeaketa taldea dago. Eta guztion artean ongi komunikatzeko, komunikazio taldea. Beraz, bederatzi lantalde ari gara lanean. Horren gainean dago zuzendaritza batzordea eta, gorago asanblada orokorra.
Beraz, 72 kide horiek buru belarri ari dira. Eta hala segituko dute hurrengo hiru urtetan.
Hori da. Jende asko behar da. Momentuz 31 pertsona gaude lantaldeetan eta auzolanak egin behar direnean jendeak izena ematen du.
Egoitza. Zer duzue buruan? Nolakoa litzateke?
Bakoitzak bere ideia dauka. Egoitza lantaldekoek hainbat arkitekturekin aurreproiektuak lantzen ari dira. Haiek euren proposamenak aurkeztuko dizkigute eta guretako egokiena dena aukeratuko dugu.
Beraz, ez dakigu ohiko elkartea, taberna edo kafe antzokia izanen den?
Beno, argi dugu alde batetik, taberna izanen dela eta, bestetik elkartea. Fisikoki banatuta egonen dira, beheko solairuan, goikoan, alde batean eta bestean… Diseinua? Ez dakigu.
Beheko eta goiko solairuak aipatu dituzu. Nolako eraikinaz ari gara?
Beheko planta eta bi altuera ditu. Horiek erabilgarriak dira. Diruaren arabera eraikiko dugu lehenengoa, bigarrena edo ahal dena eraikiko dugu.
Beraz, proiektuarekin aurrera epeka egiteko aukera ikusten duzue?
Bai. Oso positibo gaude eta ikusten dugu bazkide asko lortuko ditugula. Eta horiekin lortuko dugula eraikitzea nahi dugun guztia.
Bazkide kopuru muga batean pentsatu duzue?
Planteamendua aldrebes da. Sarrerarako diru kopuru bat markatu dugu, eta hortik ez pasatzea. 120 bazkidek zehaztutako diru kopurua jarriko balute horrekin eginen genuke. Ailegatzen garen neurrira. 120rako izanen da. Ez da izanen: proiektu hau eta halako jartzea tokatzen zaizue. Ez. Alderantziz izanen da.
Zehaztu duzuen diru kopuru horretara data jakin batean leudekeen bazkideekin iritsi nahi duzue.
Hori da. Une honetan salerosketa kontratua sinatu dugu. Bederatzi hilabete ditugu eraikina erosteko. Hilabete horiek ditugu zeinek jarraitu nahi duen aurrera edo ez erabakitzeko, edo zeinek sartu nahi duen.
Noizko gustatuko litzaizueke Pikuxar berria mustutzea?
2019ko festetarako, adibidez. Sinatzen badugu, agorrilean lanean has gaitezke. Asmoa da auzolanean hainbat lan aurreratzea, aurrezteko. Ez dakit kalkulatzen zenbat kostatuko den, urte bat edo?
Dena goitik behera jaso behar edo zaharberrituta?
Oraindik ez dugu erabaki nolakoa izanen den. Proposamen desberdinak daude. Baimenen arabera ahal duguna eraikiko dugu.
Demagun eraikina jada badugula. Euskalgintza, kulturgintza eta herrigintza ardatzak nola islatuko lirateke?
Talde bakoitzak bere urteko plana du. Euskalgintzakoak Aizpea Irurtzungo euskaltzaleen topagunearekin lanean ariko dira. Kulturgintzakoak Irurtzungo kultur kontseiluan izanen dira. Herrigintzakoak Irurtzungo taldeekin harremanetan izanen dira. Helburu batzuk finkatuta daude eta horiek lortzeko ekintza desberdinak ditugu. Printzipioz abendura artekoak markatu ditugu eta gero heldu den urtekoak.
Ez da bere zilborrera begira egonen den elkarte bat. Kanpora begira eta irekia…
Guk Pikuxarren betiko filosofia eta baloreak mantendu nahi izan ditugu. Herrira irekitzea bat da. Bazkideek une honetan eskatuko dutena da pixka bat barrurantz begiratzea. Hori uste dut dela izan dugun akats txiki bat. Orain planteamendua da bai kanporako, bai barrurako. Gainera, ikusten dugu hartuko dugun egoitzaren kokapena ezinbestekoa dela… Herriaren funtzionamendua, nolabait, aldatuko da.
Dagoeneko hasi zarete dirua biltzen.
Bai. Diru kontuen taldean diru kontu potoloez arduratzen dira batzuk, kredituak eta halakoez. Diru txikiaz arduratzen dira besteak eta horiek ekintza horiek sortzeaz arduratu dira: Izurdiagako eta Ihabarko festetan barrak hartzea, aurrekoan Goazen ikuskizunaren emanaldia antolatu genuen… Ostiral gauero bokatak ematen ditugu. Langile bat finko lanean dago eta bi bazkide laguntzen. Zozketak eta halakoak ere egin dira. Horrela dirua ateratzen ari gara.
Bazkideak behar dira. Euskalgintzan, kulturgintzan eta herrigintzan aritzeko prest daudenak. Horretara ez daude denak prest!
Hori ere! Baloreen artean parte hartzearena dago. Guk elkarte mugitua nahi dugu. Orduan, auzolanak baloratuko dira. Penalizatu baino, egiten dituzun gauzei balore bat eman. Horrekin parte hartzea bulkatu nahi dugu.
Bazkide izan nahi duenak, Pikuxarretik pasatu beharko du, ezta?
Bai. Pikuxar elkarte bat da jada eta estatutuetan jasota dagoen moduan zuk izena ematen duzu, baina asanbladak onartu behar zaitu. 15 bat eguneko epea edo. Orain, gainera, erraztasunak ematen ari gara. Galdetegi asko e-posta edo Whatsapp bidez egiten ditugu hainbestetan ez elkartzeko.