Irurtzungo Foru plaza berritzeko lanak pasa den astean hasi ziren. Hainbat tokitan zorua hondatuta zegoen eta hura konponduko dute. Horrekin batera, arkitektura-oztopoak kenduko dituzte, esaterako: osasun etxeko estalpetik plazara zegoen koxka desagertuko da; Lizarra kaleko espaloitik plazara zegoen koxka ere kenduko dute 5-6 metrotan; Lizarra kaleko eta frontoiaren atzeko aldeko parkeko sarreretan dauden baldosa “arantzadunak” egokiagoengatik aldatuko dituzte eta udaletxeko eta harmailetako eskailerak ohiko neurrira egokituko dira, egun daudenak motzak eta aldapatsuak direlako. Lan horiek guztiak despeditu ondoren, hiri-altzari berriak jarriko dituzte. Aitor Larraza Carrera alkateak jakinarazi digunez, lanek hilabete eta erdiko iraupena izanen dute.
Industrialdea
Bestetik, Inasa zena industrialde bihurtzeko lanak aurrera doaz. Festen ondoren hasi ziren eta aurreneko fasea despeditzeko hilabete inguru faltako dela jakinarazi digu alkateak. Haiek despeditzean sarrera egina egonen da eta hornidura sareak jarriak egonen dira. Azken horiek bitan banatuko dira, Sapa enpresarendako direnak eta industrialderako direnak. Larrazak aurreratu digunez, ilbeltzean kokatuko den enpresak beharrezkoak dituen argindar, gas eta bestelako azpiegiturak prest izanen ditu ordurako. Nafarroako Gobernuak ordainduko ditu 560.000 euro (BEZ kanpo) balio duten lanak.
Larrazak aurreikusten du lehen faseko lanak despeditu eta segituan hasiko direla industrialdea garatzeko hurrengo hiru faseak. Nasuvinsa enpresa publikoa ari da Irurtzungo industrialdea garatzen. Gobernuak garatuko duen industrialdea Arakilgo eta Irurtzungo 145.000 m2 hartzen ditu. Baina Irurtzungo zatia garatzen hasi da oraingoz. 20 bat enpresa kokatzea aurreikusi dute eta, horretarako, 5,3 milioi euro inbertitzea aurreikusten du. Inbertsioa pabiloien salmenta eta alokairutik berreskuratu nahi du Gobernuak. Industrialdea egitean hango kaleak kamioien pasa herritik kentzeko balioko du. Gobernuak plana egin bitartean eta enpresen ezarpena aurreratzeko, Irurtzungo Udalak Hiri-Jarduketa Plan Berezia onartu du, "lehen fasean egin beharreko lanei lege-babesa emateko".