Bi partida jarraian galdu ondoren, ostiralean sailkapenean bigarrena den Barcelona Lassa zuen aurkari Osasuna Magnak. Markagailua kontra zutela aritu izan ziren partida ia guztian Imanol Arregiren mutilek, baina 3 eta 1 galtzetik hiruna berdintzea lortu zuten eta Barcelona ahaltsua irabazteko zorian izan ziren jokalari berdeak.
Barcelona indartsu atera zen kantxara. Laugarren minuturako aurreratu ziren blaugranak, Adolfok sartutako golari esker. Joselitok ate propioan sartutako golari esker, bana berdindu zuen Osasuna Magnak. Baina Barçak ongi erantzun zuen eta atsedenaldia baino lehen bigarren gola sartu zuen eta 2. zatia hasi eta berehala, hirugarrena. Kontrako egoeraren aurrean, Imanol Arregiren mutilek partidari buelta ematen jakin zuten. Araçak bigarrena sartu zuen, eta gol aukera ederrak sortu zituzten, bata bestearen atzetik. Imanol Arregik Eric Martel jokalari-atezain postuan jarri zuen, eta bukaerarako bi minuturen faltan, Eseverrik hiruna berdintzea lortu zuen, penaltiz. Berdeek garaipena lortzeko aukera gehiago izan zituzten, baina garaipen zaporea zuen berdinketarekin despeditu zen lehia.
“Aukera ederrak izan ditugu, gauzatuz gero, garaipena eman ahal zigutenak. Barcelonaren erasoari aurre egin diogu eta partida ona egin dugu. Beraiek hasi dira agintzen, baina bukaeran gu ginen nagusi. Euren atezaina, Juanjo, ikusgarri aritu da. Irabazi ahal izan dugu. Kontentu nago jokalariek egindakoarekin, baina hobetzeko lan egiten jarraitu beharra dugu” adierazi zuen Imanol Arregi entrenatzaileak partida bukaeran.
Sailkapen orokorrean, Movistar Interrek jarraitzen du lider (31 puntu), Barcelonaren aurretik (28 puntu). Osasuna Magna seigarrena da (18 puntu). Ligako hurrengo partidan, ostiralean, sailkapenean 11.a den Catgas Energia hartuko du talde berdeak etxean, Anaitasuna pabilioian, 20:30ean.
Asteartean Errege Kopako final laurdena, Movistar Interren kontra
Baina lehenago, asteartean, Osasuna Magnak Torrejoneko bidea hartuko du, Errege Kopako final laurdenetan Movistar Inter taldearen kontra aritzera (21:00). Bi taldeek kopako finalerdietan egon nahi dute eta, zalantzarik gabe, partida oso lehiatua izango da. Araça lesionatu egin zen eta ezingo da aritu.