Eguraldia gora-behera, festak

Guaixe 2017ko aza. 13a, 18:12

Iratxo elkarteko mus txapelketako onenak. Argazkia: www.iratxoelkartea.com

San Martin patroiaren omenezko ospakizunak egin ziren larunbatean Irurtzunen.

San Martin patroiaren omenezko ospakizunak egin ziren larunbatean Irurtzunen. Ohikoa denez, jubilatu elkartean bazkari eta dantzaldi animatuak izan zituzten. San Martin festetan beste klasiko bat Iratxo elkarteko mus txapelketa da. Jende ugarik eman zuten izena eta giro onean joan zen txapelketa. Finalera Juan Carlos-Koldo eta eta Maximo-Luis bikoteak iritsi ziren. Aurrenak irabazi zuten eta haiendako izan zen urdaiazpikoak. Bigarrenendako, berriz, saria gazta izan zen. Kontsolazio finalean Jose Julian-Andoni eta Laura-Nestor bikoteak neurtu ziren. Podiuma aurrenekoekin osatu zen eta gazta txikiago bat eskuratu zuten. Laugarrenek, berriz, ardo onduko botila bana. Dantzaldiak, haurrendkao txokolate-janak, poteoak, Larrazpiko kontzertuek eta karpako dantzaldiak osatu zuten egitaraua.

Igandean artisau azokaren aterpe bihurtu zen frontoia. Bueltan-bueltan jarritako postuetan jendeak batean ehoziriak, bestean zura, hangoan eztia edo saskigintza. Denetariko lanbideak zituzten artisauekin hitz egin eta haien ekoizpenak erosteko aukera izan zuten bisitariek. Haurrek landare eta buztingintza tailerretan parte hartzeko aukera izan zuten.

Festen egitaraua Erga Larreak elkarteak antolatutako gozogintza lehiaketak itxi zuen. Iker Alegrek, Jon Zunzarrenek, Jorge Angulok eta Ainara Alegrek osatutako epaimahaiak dozena bat postre dastatu zituzten. Lehen saria Carmen Kerejetaren sagar tartari eman zioten. Bigarrena Eva Belokiren azenario tartari eta Ginesa Maestrek osatu zuen podiuma esne errearekin. Sari banaketaren ondoren postreen dastaketa egin zen.