Osasuna Magna Errege kopatik kanpo

Guaixe 2017ko aza. 15a, 10:09
Errege Kopatik kanpo geratu dira, baina puntako taldea direla erakutsi dute Osasuna Magnako jokalariek.

Berdeek garaipena eskutan izan zuten, baina Inter Movistarrek 3 eta 2 irabazi zion talde nafarrari, luzapenean eta polemika tarteko

Osasuna Magnak Errege Kopari agur esan behar izan dio, atzo Inter Movistar taldearen kontra final laurdenetan 3 eta 2 galdu eta gero. Imanol Arregiren mutilak finalerdietara pasatzeko zorian egon ziren, baina, azkenean, luzapenean garaipenaren gola sartu zuen Inter Movistarrek. Aurretik, arbitroak Osasuna Magnako Bynhori bigarren txartel horia atera zion, ustez protestatzeagatik, eta jokalari bat gutxiagorekin aritu behar izan ziren berdeak.

Osasuna Magnak Errege Kopako finala jokatu zuen iaz eta talde berdea txapeldunordea izan zen. Aurten, ezingo dute finalerako sailkatu, asteartean jokatutako final laurdenetan Kopatik kanpo geratu baitziren, egun lehen mailako ligan liderra den Inter Movistarrek bidean utzi eta gero.

Osasuna Magna aurreratu zen
Torrejón de Ardozen jokatu zen final laurdena, Movistar Interren aldeko 1.800 zaleren aurrean. Puntako bi taldeen arteko partida lehiatua izan zen, indar eta bizitasun handikoa. Osasuna Magna bikain hasi zen eta Bynhok bigarren minuturako lehen gola sartu zuen. Madrildarren erasoa hasi zen orduan, baina Osasuna Magnako Asier Llamas atezainak geldialdi bikainak egin zituen. Imanol Arregiren mutilak oso ongi ari ziren, eta atsedenaldia baino lehen, Bynhok berdeen aldeko bigarren gola sartu zuen.

Bigarren zatian sufritzea egokitu zitzaien jokalari berdeei. Inter Movistar partidari buelta ematera atera zen eta Rafelek eta Ortizek bina berdintzea lortu zuten. Partida bukatzeko 6:40 minutu falta ziren eta denetatik gertatu ahal zen, baina binako berdinketarekin bukatu zen partida. Hortaz, luzapenak erabakiko zuen: 3 minutuko bi tarte zeuden jokoan.  

Polemika tarteko, Bynho aldageletara
Bi taldeek maila bikaina eman zuten eta atezain-jokalari formula erabili zuten biek. Erasoak etorri ziren, bata bestearen atzetik. Eta luzapeneko lehen zatia amaitzear zenean iritsi zen polemika: Bynhoren protesta bat txartel horiarekin zigortu zuen arbitroak eta Osasuna Magnako jokalariak kantxa utzi behar izan zuen, ezinbestekoak eta erabakigarriak ziren azken minutu horietan. Hasieran ongi eutsi zuten Imanol Arregiren mutilek, baina Interreko Ricardok gola sartu zuen luzapena bukatzeko 1:39 minuturen faltan eta, nahiz eta Osasuna Magna saiatu eta aukera paregabeak izan, 3 eta 2 galdu zuten Errege Kopako final laurdena, pena handiarekin.

Nolanahi ere, itxura bikaina eman zuten berdeek eta talde ahaltsuenen maila berberean jokatu dezaketela erakutsi zuten beste behin.