Lehen mailako areto futboleko ligan bi jardunaldi jarraian galdu eta gero, garaipenaren xendara itzuli da Osasuna Magna, ostiralean Anaitasuna pabilioian jokatutako partidan talde berdeak 3 eta 2 irabazi baitzion Catgas Energia taldeari.
Gauzak oso ongi hasi ziren Osasuna Magnarendako, lehen minuturako Martelek gola sartu baitzuen. Catgasek bana berdintzea lortu zuen, baina atzera ere berdeak aurreratu ziren, Victorrek sartutako golari esker. Tamalez, lehen zatia bukatzear zegoela, zorigaiztoko jokaldi batean, Alvaritok gola sartu zuen bere atean eta bina berdindu zuen Catgas Energiak.
Bigarren zatian parez pare ibili ziren bi taldeak, akats askorekin. Zorionez, Martilek gola sartu zuen eta 3 eta 2 aurreratu zen Osasuna Magna. Catgas berdintzeko zorian egon zen, baina hiru puntuak, oso garrantzitsuak, etxean geratu ziren.
Imanol Arregi kontentu zegoen hiru puntuak lortu izanagatik. Irabazteko sufritu behar izan zutela onartu zuen. “Beste taldeek ere jokatu egiten dute. Beti diot, ezingo diogu inori irabazi sufritu gabe” azaldu zuen. Arregik gogoratu zuen asteartean Inter Movistarren kontra desgaste handiko partida jokatzetik zetorrela Osasuna Magna, eta Catgasen kontra taldeak “sekulako esfortzua” egin zuela eta partida irabaztea merezi izan zutela gaineratu zuen. “Gurea beste taldeak bezalakoa da, baina gauzak ongi egiten baditugu gu irabaztea zaila da” aipatu zuen.
Sailkapenean laugarrenak
Lehen mailako sailkapen orokorrean Barcelona da lider berria (31 puntu), Movistar Inter taldearekin puntutara berdinduta. Osasuna Magna laugarren postura igo da (21 puntu). Ostiralean 14 punturekin sailkapenean hamargarrena den Levanteren kontra ariko da Osasuna Magna, 20:00etan. Ea garaipenaren xendak aurrera jarraitzen duen.