Juanma Olias pilotu irurtzundarrak lan bikaina egin du CEV edo Espainiako Abiadura Txapelketaren barruan antolatu den European Kawasaki Z Cup Txapelketan. Asteburuan despeditu zen Txapelketa, Valentziako Ricardo Tormo zirkuituan. Podiumera igotzeko aukerak bazituen irurtzundarrak, sailkapen orokorra estu zegoelako, baina, azkenean bosgarrena sailkatu zen irurtzundarra eta sailkapen orokorrean laugarren despeditu du, podiuma zapatzear.
Aurten erronka berria eta polita burutu du Juanma Oliasek. Kawasaki Z 900 moto berriarekin izen bereko txapelketan lehiatu da, CEV edo Espainiako Abiadura Txapelketaren barruan antolatutako European Kawasaki Z Cup Txapelketan. Kopa honetan 15 pilotu lehiatu dira eta guztira 6 proba jokatu dituzte: apirilaren 29an eta 30ean Albaceten (lasterketa bikoitza), ekainaren 18an Bartzelonako Montmelón, urriaren 7an eta 8an, Alcañizen jokatutako lasterketa bikoitza eta asteburuan Valentziako Chesteko Ricardo Tormo zirkuituan jokatutakoa.
Valentziara sailkapen orokorrean Raul Martinez iritsi zen lider (115 puntu), Joan Sardanyons eta Javier Valera bigarrena eta hirugarrena, biak 81 punturekin, eta Juanma Olias laugarrena, 65 punturekin. Txapelketako azken probak, bada, podiuma erabaki zuen. Izan ere, laugarrena geratzea edo podiuma zapatzea, hori guztia zuen jokoan Oliasek. Ricardo Tormo zirkuituari 19 itzuli egin behar zizkioten proban lehiatu ziren 18 pilotuak. Entrenamenduetan laugarren denbora onena egin zuen irurtzundarrak eta postu horretatik aterata ekin zion lasterketari. Irteeran laugarren postuari eutsi zion eta lasterketan barna lehia oso borrokatua izan zuen beste bi piloturekin batera, hirugarren postua lortu ahal izateko. Azkenean, Raul Martinezek irabazi zuen lasterketa eta irurtzundarra bosgarrena sailkatu zen.
Horrela, sailkapen orokorrean ez zen aldaketarik egon eta Raul Martinezek irabazi du European Kawasaki Z Cup Txapelketa (140 puntu), Javier Valeraren (101 puntu), Joan Sardanyonsen (81 puntu) eta Juanma Oliasen (78 puntu) aurretik. Beraz, podiuma zapatzeko 3 puntu eskasera geratu da irurtzundarra.
Orain 2018 denboraldia prestatzen hasiko da Olias. Babeslearen laguntza izaten jarraituko du eta motoziklismoan jarraitzeko ilusio berberekin jarraitzen du.