Euskal dantza jaialdia Irurtzunen

Guaixe 2017ko aza. 24a, 11:11

Joan den urtera arte Irurtzunen udaberriko dantza jaialdia zena udazkeneko dantza jaialdia bihurtu zen. Eta bide beretik segituko dute Orritz dantza taldekoek. Iruñeko Amaiur dantza taldearekin batera euskal dantzen jaialdia eskainiko dute bihar, 18:00etan, Irurtzungo frontoian. Orritzeko Oskia Ollakarizketak azaldu digunez, “bi taldeen arteko harremana aspalditik dator eta behin baino gehiagotan aritu gara elkarlanean”.

Irurtzundarrak dantza saiora erakartzeko, bi taldeetako kideak Irurtzunen barna kalejira eginen dute ordu erdi lehenago. Behin oholtzara iritsita Euskal Herriko dantzen eskaintza emanen dute bi taldeek, oholtzan tartekatuz. Orritzekoek Nafarroa, Gipuzkoa, Bizkaia eta Iparraldeko dantzak eskainiko dituztela aurreratu digute. Dantzaldiaren ondoren Pikuxar euskal txokoan afaltzera elkartuko dira bi taldeetako kideak. Festa giroak gero segituko du.

Ateak zabalik
Orritz dantza taldean gaur egun 35 bat dantzari daudela azaldu digu Ollakarizketak. “Ikasturte honetan dantza berriak ikasteko helburua dugu”. Azaldu digunez, ostiralero, 21:30ean entseatzen dute, Atakondoa eskolako gimnasioan. “Dantzatzeko gogoa duen edonor edozein egunetan guregana hurbiltzera animatzen dugu dantzaz gozatzeko”. Dantzariek euskal kultura sustatu eta zabaltzeko jarduna Orritz-Iskidi gazte elkartearen bidez garatzen dute. Hor dantzariez aparte, jende gehiagok parte hartzen du. Haiek dira joaldun taldeari edota pertsonaia mitologikoei bizia ematen dietenak.