Beste urte batez Atakondoa eskola publikoko ikasleek jostailu trukaketan parte hartzeko aukera izanen dute. Herenegundik gaur arte ikastetxeko sarreran jostailuak jasotzen aritu dira, 08:45etik 09:15era. Egoera onean dauden jostailu bat edo gehiago eraman duten haurrei txartel bana eman zaie. Berdin da eman duten joko kopurua, bakoitzak txartel bat jaso du.
Txartel hori bihar izanen da erabilgarria. Izan ere, jasotako jostailu guztiak Barazki guneko karpan jarriko dira. Haien guztien artean ongi begiratu eta bat aukeratzerakoan txartela eman eta jostailuarekin etxera bueltatuko dira haurrak. Hori bai, karpan joko kooperatiboetan, betiko jokoetan eta mundukoetan aritzeko aukera izanen dute. Guztia 11:00etatik 13:00etara. Soberan gelditzen diren jostailuak Sahararen aldeko erakunde bati emanen zaizkio.
Ekimena Atakondoako guraso elkarteak, Itxipuruk, Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak, Anitzartean Zerbitzuak eta Atakondoa Eskolak antolatu dute. Txikiei modu praktikoan trukearen eta berrerabileraren balioa azaltzeko balio du.