Ostiralean Levanteren kontra irabazi eta gero, Osasuna Magnak beharrezko puntuak lortu zituen Madrilen jokatuko den Espainiako Kopa jokatu ahal izateko. Izan ere, ligako joaneko bueltan sailkatzen diren lehen taldeek lortzen dute Espainiako Kopan aritzeko txartela, eta Osasuna Magnak lehen buelta despeditu baina hiru jardunaldi lehenago lortu du sailkatzea.
Levanteren kontra jokatutako partidan, ongi aritu ziren jokalari berdeak. Javi Eseverrik 5. minuturako markagailua mustu zuen, Rafa Usinek 6 minutura sartu zuen bigarrena, eta kontraeraso bikainean lortu zuen Araçak hirugarrena. Bigarren zatian, 2 eta 3ra hurbildu ziren Levantekoak, baina Osasuna Magnak ongi erantzun zuen eta Bynhok eta Araçak sartutako golei esker garaipen sendoa lortu zuen talde nafarrak.
Imanol Arregiren ustez, partida serioa egin zuten. “Partida serioa izan da, zaila, bigarren zatian une oso konplikatuak izan dituena” azaldu zuen. Hiru puntu oso baliagarriak lortu zituen talde berdeak, Espainiako Kopan sailkatzeko balio izan diotenak. “Joaneko buelta despeditzeko hiru jardunaldiren faltan Espainiako Koparako sailkatzea oso polita da. Helburuetako bat da eta oso kontentu daude” nabarmendu zuen Irurtzungo teknikariak, eta garaipena berriki zendutako bere lagun irurtzundar bati eskaini zion.
Laugarrenak
Sailkapen orokorrean Barcelona da liderra (31 puntu). Osasuna Magna laugarrena da (24 puntu). 12 eguneko tartean hiru partida jokatu beharko dituzte lehen mailako areto futbol txapelketan dabiltzan taldeek. Ostiralean, abenduaren 1ean, Osasuna Magnak Naturpellet Segovia hartuko du Anaitasunan, 20:30ean, eta abenduaren 8an talde berdea 8 punturekin sailkapenean 13.a den Peñiscola taldearen kontra ariko da atzera ere Anaitasunan, 20:30ean. Abenduaren 12an, O Parrulo Ferrol izango dute aurkari berdeek, Galizian.