Puntu bat Altuna eta Martijarendako eta markagailua estreinatu gabe Ezkurdia eta Zabaleta

Guaixe 2017ko aza. 27a, 15:32

Argazkia: ETB

Binakako Txapelketako 2. jardunaldiko partida bat –Ezkurdia-Zabaleta / Irribarria-Merino II.a– Irurtzunen jokatuko da, ostiralean

Hasi da pilotako txapelketarik luzeena. Asteburuan Binakako Txapelketako hasierako ligaxkako lehen jardunaldiko 4 partidetatik 3 jokatu dira, gaur lehen jarduneko azkena jokatuko baita Tolosan (Elezkano II.a eta Rezusta Irribarriaren eta Merino II.aren kontra).

Ostiralean hasi zen Binakakoa. Olaizola II.aren eta Imazen kontra aritu ziren Joseba Ezkurdia arbizuarrak eta Jose Javier Zabaleta etxarrendarrak. Ongi ekin zioten partidari sakandarrek, arerioen akatsak aprobetxatuz eta nagusitasunez 0 eta 4 aurreratu ziren. Baina Olaizola II.ak eta Imazek partidari buelta eman zioten eta 11 eta 1eko partzialarekin, 12 eta 5 aurreratzea lortu zuten. Sakandarrak saiatu ziren, baina, azkenean, 22 eta 13 irabazi zuten Olaizola II.ak eta Imazek. Hortaz, lehen jardunaldian ez da punturik izan sakandarrendako.

Bestalde, Binakako Txapelketan debutatzen zuen Julen Martijak. Etxeberriko atzelariak eta Altuna III.ak sekulako partida egin zuten, eta Urrutikoetxeari eta Ladis Galarzari 16 eta 22 irabazi zieten. Partida batez ere aurreko koadroetan jokatu zen, eta Altuna izan zen partidako onena. Etxeberrikoaren laguntzarekin, hasieratik aurrea hartu zuten markagailuan. 11 eta 5 aurreratu ziren markagailuan, baina Asegarcekoak 21 eta 12 hurbildu ziren. Urrutikoetxea saiatu zen, baina Galarza ez zen oso fin ibili. Hobe moldatu zen Martija, eta, azkenean, 16 eta 22 irabazi eta gero, txapelketako lehen puntua lortu zuten Altunak eta Martijak. “Oso pozik nago. Altuna bezalako pilotari batekin jokatzea sekulako pribilegioa da” aipatu zuen Etxeberrikoak.

Ezkurdia eta Zabaleta ostiralean Irurtzunen
Ostegunean hasiko da Binakako 2. jardunaldia. Hain zuzen ere, Altuna III.ak eta Martijak gaur Tolosan ariko diren Elezkano II.a eta Rezusta izango dituzte arerio. Eta nabarmentzekoa da jardunaldiko partida bat Sakanara etorriko dela. Irurtzungo Bi Aizpe pilotalekuan programatu dute ostiraleko partida, Ezkurdiak eta Zabaletak jokatuko dutena. Sakandarrek Irribarria eta Merino II.a izango dituzte aurkari, 22:00etan hasiko den jaialdian. Ea sakandarrek euren lehen puntua lortzen duten. Jaialdia zabaltzen duen partidan Elordik eta Lasa IV.ak Etxeberria eta Jaunarena izango dituzte aurretik.

Irurtzungo sarrerak aurrez erosteko
Irurtzungo partidarako sarrerak aurretik eros daitezke Irurtzungo Plazaola Hotelean.


Binakakoa: 1. jardunaldiko emaitzak
Olaizola II.a-Imaz 22 / Ezkurdia-Zabaleta 13
Urrutikoetxea-Ladis Galarza 16 / Altuna III.a-Martija 22
Bengoetxea VI.a-Larunbe 16 / Victor-Albisu 22
Elezkano II.a-Rezusta / Irribarria-Merino II.a (gaur, 16:30ean, Tolosan)

Binakakoa: 2. jardunaldia
Elezkano II.a-Rezusta / Altuna III.a-Martija (ostegunean, Eibarren, 17:00etan. ETB1).
Ezkurdia-Zabaleta / Irribarria-Merino II.a (ostiralean, 22:00etan, Irurtzunen. ETB1)
Bengoetxea VI.a-Larunbe / Olaizola II.a-Imaz (larunbatean, Lizarran)
Urrutikoetxea-Galarza / Victor-Albisu (igandean, Zierbenan, 17:00etan. ETB1)

Binakakoa: 3. jardunaldia
Urrutikoetxea-Galarza / Elezkano II.a-Rezusta (abenduaren 6an, 17:00etan, Arrigorriagan)
Olaizola II.a-Imaz / Altuna III.a-Martija (abenduaren 8an, 17:00etan, Tolosan)
Bengoetxea VI.a-Larunbe / Ezkurdia-Zabaleta (abenduaren 9an, 17:00etan Labriten)
Victor-Albisu / Irribarria-Merino II.a (abenduaren 10ean, 17:00etan, Eibarren)