II. Emakumeen Areto Futbol Txapelketa Irurtzunen

Guaixe 2017ko aza. 28a, 12:01

Abenduaren 30ean izanen da eta izena ematea zabalik dago

Irurtzungo Guan taldeak, Irurtzungo Udalaren laguntzarekin, II. Emakumeen Areto Futbol Txapelketa antolatu du Irurtzunen. Izan ere, aurreko urtean arrakasta handia izan zuen lehenengoz antolatu zen emakumeen txapelketak eta horregatik aurten ere antolatzea erabaki dute. Iaz 10 taldek hartu zuten parte eta final handian, Gasteizko New Team taldeak Dulantzi taldeari irabazi zion.  

Aurtengo txapelketa abenduaren 30ean jokatuko da baina dagoeneko talde interesatuek izena emateko aukera dute, ondoko telefonoan: 676 572 478 (Iñaki). Talde bakoitzak 80 euro ordaindu beharko ditu. Abenduaren 28an izena eman duten taldeen zozketa egingo du antolakuntzak.
Sailkatzen diren lehen lau taldeek saria jasoko dute, eta, horretaz gain, jokalari hoberena eta atezain hoberena ere izendatuko dira. Bestalde, final handiko atsedenaldian saski eder bat zozketatuko dute.