Inoizko liga hasierarik onena egin du Osasuna Magnak. Gaur despedituko da lehen mailako ligako lehen itzulia eta dagoeneko 30 puntu ditu Imanol Arregiren taldeak. Errekorra da hori talde berdearendako, orain arte gehienez 26 puntu lortu baitzituen ligako lehen bueltan. “Lehen itzuli ikusgarria egin dugu, ohorezko matrikulakoa” nabarmendu du Imanol Arregi entrenatzaileak.
Gaur, lehen itzuliko azken partidan, Ferrolen jokatuko du 30 punturekin sailkapenean laugarrena den Osasuna Magnak. Sailkapenean azkena den O´Parrulo Ferrol taldea izango du aurkari, gaur, 21:00etan. Sasoi bikainean heldu dira berdeak Galiziara, azken bi partidatan 6 puntu lortuta. Abenduaren 1ean Osasuna Magnak 4 eta 3 irabazi zion Naturpellet Segoviari eta abenduaren 8an Osasuna Magnak 3 eta 2 hartu zuen menpean Peñiscola RehabMedic. Ea gaur puntuen faltan dagoen O´Parrulo Ferrol taldearen kontra nola dabilen Irurtzungo taldea. Partida asko dira bata bestearen atzetik eta Imanol Arregi ez da fio. “O´Parrulo azkena da baina arerio konplikatua da, badaki zer egiten duen. Ea guk orain arteko mailari eusten diogun” aipatu du teknikariak.
Javi Eseverri kapitainak ezingo du jokatu, azken partidan lesionatu eta gero. Ezker hankako kuadrizepsean zuntz-haustura dauka kapitainak eta hiru asteko baja izango du. Aldiz, Dani Saldiseren buelta espero da; irurtzundarra gripeak jota ibili da eta azken partidan ezin izan zen aritu. Eta Eduren parte-hartzea zalantzan dago, orkatileko bihurritu batez osatzen ari baita.
Ostiralean Santiago aurkari
Jokalari berdeek Galizian jarraituko dute. Izan ere, ostiralean sailkapenean 14.a den Santiago Futsalen kontra jokatuko baitute, eta ostiraleraino han geratzea erabaki dute Osasuna Magnakoek.