Osasuna Magnak garaipen borrokatua lortu zuen ostiralean Santiagon. 3 eta 1 galtzetik, partidari buelta ematea eta 3 eta 4 irabaztera pasa ziren Imanol Arregiren mutilak. Sufritzen jakin zuten berdeek, eta 3 puntu garrantzitsu lortu zituzten.
Dena dela, Osasuna Magna izan zen markagailuan aurreratu zen lehena. Bigarren minuturako Rafa Usinek gola sartzea lortu zuen. Baina Santiagok ongi erantzun zuen eta bana berdindu eta gero, atsedenaldia baino lehen bigarren gola sartu zuten. Gauzak gehiago okertzeko, bigarren zatia hasi eta berehala hirugarren gola egin zuten Santiagokoek. Galtzeko ezer ez zutela ikusita, aurreratzea eta erasora pasatzea erabaki zuen Imanol Arregik. Horrela, Eric Martelek berdeen bigarrena sartu zuen eta Alvaritok hiruna berdintzea lortu zuen. Santiago Futsalek ere gol aukera gehiago izan zituen, baina Osasuna Magnako Asier atezainak geldialdi bikainak egin zituen. Osasuna Magnak gehiago arriskatu zuen eta atezain-jokalari formula erabili zuen. Horrela, Dani Saldisek laugarren gola sartu zuen, garaipenarena, eta hiru puntuak Irurtzunera etorri ziren.
“Gaurko garaipenak balio handia du. Zazpi egunetan hiru partida jokatzetik gatoz, horietatik bi etxetik kanpo, bajak izan ditugu, 3 eta 1 galtzen geunden eta partidari buelta eman diogu. Denboraldiko meritu gehien izan duen partida izan da hau. Garaipenaren gakoa sufritzeko izan dugun gaitasuna izan da” nabarmendu zuen partida bukaeran Imanol Arregi entrenatzaileak, oso pozik.
Bi zita garrantzitsu: El Pozo Murcia eta Movistar Inter
Lehen mailako sailkapen orokorrean Movistar Inter da liderra (43 puntu). Bartzelona da bigarrena (40 puntu), El Pozo hirugarrena (38 puntu) eta Osasuna Magna laugarrena (36 puntu). Hortaz, estu dago sailkapena. Eta hain zuzen hirugarren postua izango dute jokoan ostiralean Osasuna Magnak eta El Pozo Murciak, talde nafarrak murtziarra hartuko baitu ostiralean, 21:30ean (Teledeporte).
Hurrengo partida Errege Egunean jokatuko dute, ilbeltzaren 6an. Hain zuzen ere Movistar Inter liderra izango dute aurkari berdeek. Hortaz, bi zita oso garrantzitsuren aurrean daude Imanol Arregiren mutilek.