12 orduko emakumeen txapelketa Irurtzunen

Guaixe 2017ko abe. 27a, 08:36

Abenduaren 30ean, goizeko 9:00etatik aurrera, Guan taldeak antolatuta

Irurtzungo Guan taldeak Irurtzungo Udalaren laguntzarekin antolatuta, abenduaren 30ean jokatuko da II. Emakumeen Areto Futbol Txapelketa Irurtzungo kiroldegian. 12 orduko torneoa izango da, goizeko 9:00etan hasiko dena. Iaz 10 taldek eman zuten izena eta Gasteizko New Team taldea izan zen txapelduna. Aurten ere arrakastatsua izatea espero da.

Abenduaren 28an izena eman duten taldeen zozketa egingo du antolakuntzak. Sailkatzen diren lehen lau taldeek saria jasoko dute, eta, horretaz gain, jokalari hoberena eta atezain hoberena ere izendatuko dira. Bestalde, final handiko atsedenaldian saski eder bat zozketatuko dute.

Futbola euskaraz
Aizpeak antolatutako Euskal Ekitaldien barruan, abenduaren 29an Futbola Euskaraz ekimena izango da, goizeko 9:00etan, kiroldegian. Gurasoak seme alaben aurka aritu beharko dute, hori bai, euskaraz.