Osasuna Magnak seina berdindu du Movistar Inter liderrarekin

Guaixe 2018ko urt. 8a, 12:44

Denboraldi honetan Movistar Interren pistan galdu ez duen lehen taldea da Osasuna Magna

2017ko azken partidan El Pozo Murciaren kontra 2 eta 5 galdu eta gero, urteari hasiera bikaina eman dio Osasuna Magnak. Partida konplikatua zuten Imanol Arregiren mutilek Madrilen, Movistar Inter liderraren kontra. Baina berdeak ez ziren kikildu eta garaipen zaporea zuen puntu garrantzitsu bat ekarri zuten Madrildik: denboraldi honetan Movistar Interren pistan galdu ez duen lehen taldea da irurtzundarra.

Osasuna Magnak Victor Arevaloren baja zuen eta Javi Eseverri, Eric Martel, Bynho eta Llamas nahiko justu zebiltzan. Eta horri gehitu behar zaio arbitroak aldageletara bidali zuela Roberto Martil. Baina irurtzundarrek ongi eutsi zuten. Eseverrik Osasuna Magna aurreratu zuen baina Movistar Interrek ederki estutu zuen Osasuna Magna, presioaren ondorioz baloiak galtzen hasi ziren berdeak eta, horrela, berdintzea eta markagailuan aurreratzea lortu zuten madrildarrek. Arbitroek Martil aldageletara bidali zuten eta jokalari bat gutxiagorekin aritu izan behar zuten berdeek. Eta egoera baliatuta, hirugarrena sartu zuten madrildarrek.

Atsedenetik bueltan Gadeiak ate propioan sartu zuen gola eta 2 eta 3 hurbildu ziren irurtzundarrak. Baina handik gutxira liderraren laugarrena iritsi zen. Ongi erantzun zuten berdeek eta Usinek bi gol sartu zituen eta bosgarrena Saldisek. 4 eta 5 aurreratu ziren nafarrak. Imanol Arregik, hala ere, arriskatzea erabaki zuen eta Martel atezain-jokalari jarri zuen. Solanok bostera berdintzea lortu zuen eta Usinek seigarrena sartu zuen. Eta, bukaeran Gadeiak berdinketaren gola sartu zuen.

“Partida bikaina izan da eta uste dut egin dugun esfortzuarengatik berdinketa baino gehiago merezi izan dugula” nabarmendu zuen Imanol Arregi entrenatzaileak partida bukaeran. Baloiak galdu zituztela eta Interren golak hortik etorri zirela onartu zuen teknikariak. “Gure akatsek kondenatu gaituzte, baloi galerak bereziki. Egindako lanarekin kontentu gaude baina kantxa garrantzitsuenean garaipena ez lortzeak pena ematen du” nabarmendu zuen.

Ostiralean Zaragozaren kontra, etxean
Areto futboleko lehen mailako kategorian Movistar Interrek jarraitzen du lider (47 puntu). Osasuna Magnak laugarren postuari eusten dio, 37 punturekin. Ostiralean Osasuna Magnak sailkapenean 6.a den Rios Renovables Zaragoza taldea hartuko du Anaitasunan eta hurrengo asteartean, ilbeltzaren 16an, Kanariar irletan jokatuko dute berdeek, sailkapenean 15.a den Gran Canaria taldearen kontra.