Pikubestre arrakastatsua Irurtzunen

Guaixe 2018ko urt. 9a, 11:31

Pikuxarrek lehenengoz antolatuta, 150 irurtzundarrek korrikan despeditu zuten urtea


Irurtzungo Pikuxar Euskal Txokoak urtearen azkeneko egunean lehenengoz antolatu zuen I. Pikubestrea, Irurtzungo San Silvestrea. Lehen txandan 6 urte bitarteko neska-mutikoak aritu ziren (150 m), ondoren 6 eta 14 urte bitartekoak (300 m), eta, azkenekoan gainontzeko guztiak, 14 urtetik gorakoak, 4,2 km-ko herri lasterketa koloretsuan.

Euri zaparradari aurre eginez, irurtzundar ugari animatu ziren proba herrikoian aritzera, horietako hainbat mozorrotuta. Guztira 150 korrikalari aritu ziren, 14 urtetik beherako 64 partaide eta 14 urtetiko gorako 86 partaide. Lasterketa herrikoia zenez -doakoa zen izena ematea-, antolakuntzak ez zuen sailkapenik egin. Bukaeran, umeek esne litro bat eta goxokiak jaso zituzten, eta helduek salda beroa eta pintxoa eta potea zuten zain helmugan. Horretaz gain, hainbat sari zozketatu ziren: gazta, ,motxilak, frontalak…

Ekimenak izandako arrakasta ikusita, Pikuxar Euskal Txokoak hurrengo urtean ere Pikubestrea antolatzea erabaki du.

Argazkiak: Itziar Matxain