Osasuna Magnaren garaipen garrantzitsua

Guaixe 2018ko urt. 15a, 11:07

Martil eta Eseverriren bajei aurre eginez, Imanol Arregiren taldeak 4 eta 2 irabazi zion Rios Renovables Zaragozari. Bihar Gran Canaria izango dute aurkari

Ostiralean hiru puntu oso garrantzitsu lortu zituen Osasuna Magnak, Rios Renovables Zaragozari kontra 4 eta 2 irabazi eta gero. Kalitate handiko partidan, irurtzundarrek Roberto Martilen eta Javi Eseverriren baja garrantzitsuei aurre egiten jakin zuten eta, azkenean hiru puntuak etxean geratu ziren eta sailkapeneko laugarren postuari eutsi zioten jokalari berdeek.

Gauzak ez ziren ongi hasi berdeendako. Partida hasi eta 21 segundora Richi Felipek Rios Renovables Zaragoza aurreratu zuen. Baina Imanol Arregiren mutilak ez ziren kikildu. Gutxinaka Zaragozakoen atera gerturatzen hasi ziren eta Arturo atezaina urduritzen hasi ziren. Horrela, 7. minutuan Eric Martelek berdintzea lortu zuen. Osasuna Magnak ekinean jarraitu zuen eta hainbat gol aukera izan zituzten, baina ez zuten asmatu. Atsedenaldirako 3 minuturen faltan, ordea, Araçak ekindako kontraerasoak fruitua izan zuen eta Bynhok Osasuna Magna 2 eta 1 aurreratu zuen.

Bigarren zatia hasi eta berehala bina berdindu zuen Zaragozak, baina Alex Llamasek denboraldiko lehen gola sartu zuen berehala eta 3 eta 2 aurreratu zuen Osasuna Magna. Zaragoza saiatu zen, baina Osasuna Magnako Asier atezainak geldialdi bikainak egin zituen. Eta 56 segundoren faltan Rafa Usinek 4 eta 2koa ezarri zuen markagailuan. Garaipen landua lortu zuten Imanol Arregiren mutilek.

Imanol Arregik bere mutilek egindako esfortzua goraipatu zuen. “Garaipen garrantzitsua da, zapore oso ona duena, eta genituen bajak kontuan hartuta meritu handiagoa duena” nabarmendu zuen teknikariak.

Bihar Gran Canariaren kontra
Movistar Interrek jarraitzen du lider (50 puntu). Osasuna Magnak laugarren postuari eusten dio (40 puntu). 5 puntura du El Pozo Murcia, sailkapenean hirugarrena dena. Bihar, asteartean, lehen mailako ligako 20. jardunaldia jokatuko da. Gran Canariaren kontra jokatuko du Osasuna Magnak, 21:00etan, Kanariar uharteetan.
Gero ligak atsedenaldia hartuko du, Europako selekzioen arteko Txapelketa baitago jokoan. Otsailaren 17an jokatuko da 21. jardunaldia eta Osasuna Magnak Cartagena hartuko du Anaitasunan.