Osasuna Magnaren gol festa Kanarietan

Guaixe 2018ko urt. 17a, 10:55

Gran Canariari 3 eta 9 irabazi zion talde berdeak

Areto futboleko lehen mailako 20. jardunaldia jokatu zen atzo. Osasuna Magnak Kanarietan jokatu zuen, Gran Canariaren kontra. Gol festa ederra ospatu zuten Imanol Arregiren mutilek, 3 eta 9 irabazi baitzioten Gran Canariari.

Partida hasi eta berehala aurreratu zuen Dani Saldisek Osasuna Magna. Gran Canariak berdindu zuen, penaltiz, baina atzera ere berdeak aurreratu ziren, Sergio Parrak bere ate propioan sartutako golari esker. Atsedenaldia hasi eta berehala, Kanarietako taldeak bina berdintzea lortu zuen, baina hortik aurrera berdeek agintea hartu eta golak bata bestearen atzetik iritsi ziren. Rafa Usinek (3), Eric Martelek, Dani Saldisek, Binhok, Aracák… kontrako atean asmatu zuten eta azkenean 3 eta 9 irabazi zuten.

Europako Txapelketagatik atsedenaldia
Lehen mailako sailkapenean Inter Movistarrek jarraitzen du lider (53 puntu) eta Osasuna Magna laugarrena da (43 puntu), Barcelona bigarrena eta El Pozo Murcia hirugarrena 2 puntu eskasera dituela. Orain lehen mailako ligak atsedenaldia hartuko du, Europako selekzioen arteko Txapelketa baitago jokoan. Aipatzekoa da Espainiako selekzioarekin ariko dela Rafa Usin. Otsailaren 17an jokatuko da ligako 21. jardunaldia eta Osasuna Magnak Cartagena hartuko du Anaitasunan.