Espazio faltaren kontra eraikin berria eskolan

Guaixe 2018ko urt. 19a, 10:23

Zuhaitzak dauden tokian jasoko da eraikin berria.

Hezkuntza Departamentuak Irurtzungo Atakondoa eskola komunitatearen eskaerak entzun eta ikastetxean duten gela premiari erantzuteko eraikin berria eginen du. Lanak garagarrilean hasiko dira eta sei gela berri izanen ditu

Aurreikusia zegoena gertatu zen 2010-2011 ikasturtean: Atakondoa eskola publikoak matrikulatutako ikasle guztiak hartzeko nahikoa espaziorik ez zuen, txiki gelditu zen, eta bere sarreran Hezkuntza Departamentuak aurrefabrikatutako moduluetan bi gela prestatu zituen. Hurrengo ikasturtean modulu gehiago iritsi ziren,bi gela gehiago.

Zortzi ikasturte dira moduluak Atakondoan daudela. Eta beste horrenbeste udal teknikariek ikastetxean handik eta hemendik espazioak hartuz gelak sortu dituztenak paperean eta gero departamentuak errealitatea bihurtu dituenak. Uda guztietan lanak zeuden, baina hasi guraso elkartetik, klaustrotik pasa eta udaleraino, Atakondoako hezkuntza komunitate guztiak konponbide integrala eskatzen zuen espazio falta konpontzeko.

Eraikinaz
Bilera askoren ondoren, Hezkuntza Departamentuak esan die aurten dirua duela eta eskolan eraikin berri bat eginen duela. Milioi bat euroko aurrekontua du eta lanak garagartzaroan hasiko lirateke. Departamentua ikastetxe proiektua egiteko deialdia eginen du.

Eraikin berrian eskolako patioaren eta Ardubil kalearen artean eraikiko da, gaur egun zuhaitzak dauden tokian. Atakondoako eraikin berriak solairu bakarra izanen du, baina etorkizunean gainean beste bat jasotzeko aukera izanen du. Aurten sei gela eginen dira. Haien azpian gelditzen den espazioa patioaren gainean geldituko da eta patioko estalpe bakarra bihurtuko da.

Aitor Larraza Carrera alkateak azaldu digunez, eraikin berrirako jarraibide batzuk eman dituztela azaldu digu. Esaterako, estalpean komun publikoak jartzearena. Alkateak gaineratu duenez, proiektua kontratatzeko deialdia egin ondoren departamentua berak, eskolako zuzendaritzak eta udalak kontratazio mahaia osatuko dute. Eta haiek izanen dira aurkeztutakoen artean proiektu egokiena aukeratuko dutenak. Aukeratutako proiektua zein den otsailean jakinen dela gaineratu du.

Baina eraikin berria jasota ere aurrefabrikatutako moduluetako lau gelak dauden tokian geldituko dira. "Eraikin berrian bigarren solairua eginen balitz, orduan bakarrik kenduko lirateke moduluak", esan du Larrazak.

Institutu eskaera
Atakondoa eskola publikoan ez dago 0-3 urteko ziklorik. Eta ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 2. maila bukatzen dutenean Iruñera joan behar izaten dute derrigorrezko ikasketekin segitzera. Hezkuntza komunitatearen aspaldiko aldarrikapena da Irurtzunen DBHko 3. eta 4. mailak ikasteko aukera izatea ere. Hau da, 16 urtera arteko ikasleak hartuko lituzkeen institutu bat Irurtzunen eraikitzea da. Udalak gainera horretarako lurrak baditu eta Nafarroako Gobernuari behin baino gehiagotan eskaini dizkio. Baina horri departamentutik ezezkoa eman diote.

Ikasleek DBH guztia Atakondoan eginen balute koadrilak eta eskualdeko gazteen arteko harremanak sendotuko liratekeela uste dute eskolaren bueltan dabiltzan asko eta asko. Gaur egun Atakondoa eskola publikoan Irurtzungo, Arakilgo, Imozko, Olloko, Goñiko eta Itzako ikasleek ikasten dute.