Pikuxar euskal txokoak hasiberriendako bertso ikastaroa antolatu du. Larraungo bertso eskolako kide Joana Ziganda Olano irakaslea dutela, Pikuxarreko bertso eskolak ostegunetan zabalduko ditu ateak, 19:30etik 21:00etara. Momentuz, “talde polita, anitza eta jatorra” omen dute; zazpi bertsozalek eman dute izena. Haietako batek 23 urte ditu eta gainontzekoak 34tik gora. Baina 15 urtetik gorako nahi duen guztia joan daiteke bertsotan trebatzera. Euskal txokoko arduradunek azaldu digutenez, asmoa da gaur hasi eta lauzpabost saio egitea. “Baina taldeak jarraitu nahiko balu, saio gehiago egiteko aukera egongo litzateke”.