Euskal Herriko IV. Pilota Kluben Arteko Torneo Nazionala azken txanpan murgildu da. Igandean lehen finalerdia jokatuko dute, Tolosako Beotibarren, Irurtzun eta Hernani klubek. Beste finalerdia otsailaren 4an erabakiko dute, toki berean, Zazpi Iturrik eta Buruzgainek. Finala otsailaren 18an jokatuko da, 17:30ean, Tolosako Beotibarren.
Aipatu txapelketa azaroaren 18an hasi zen eta 17 klubek hartu dute parte. Final laurdenetan, Irurtzunek Zaragama hartu zuen menpean (3 eta 0) eta Hernanik egungo txapelduna zen Aurrera Tolosa bidean utzi zuen (3 eta 0). Bestetik, asteburu honetan Amezketako Zazpi Iturrik Errekari irabazi zion eta Ultzamako Buruzgainek Lemoari.
Lau t´erdian Lansalotek ordezkatuko du Irurtzun eta Ojuel izanen du aurrez aurre. Partida gogorra aurreikusten da. Buruz burukoan Alberto Ongay satrustegiarrak (Irurtzun) Lizeaga du aurkari. Aurrelaria atzelariaren kontra: Ongay tantoak aurrean ixten saiatuko da; pilotakada sendoak jotzen eta partida gogortzen, berriz, Lizeaga. Ikusiko dugu nor gailentzen den. Eta, bukatzeko, Olazabalek eta Bergerak (Irurtzun) Arrieta eta Azpitarte dituzte zain Tolosan. Ofizio handiko pilotariak guztiak, hirugarren partidara berdinduta iristen badira, partida ikusgarria espero da. Ea irurtzundarrek finalerako sailkatzeko aukera duten.
Irurtzun vs Hernani
Lau t´erdian: Lansalot (Irurtzun) / Ojuel (Hernani)
Buruz buru: Ongay (Irurtzun) / Lizeaga (Hernani)
Binaka: Olazabal-Bergera (Irurtzun) / Arrieta-Azpitarte (Hernani)