Inasa zena industrialde bihurtzeko lanak aurrera doaz. Lehen fasean industrialdera beharrezko azpiegitura sare guztiak sartu dira eta sarrera txukundu da. Une honetan pabilioi bat egokitzen ari dira eta lan horiek despeditzean enpresa bat kokatuko da han.
Bitartean, Nafarroako Gobernuaren Nasuvinsa enpresa publikoak industrialdeko 2., 3. eta 4. faseak emateko deialdia egin du. Lanek 1.425.531,47 euroko aurrekontua dute (BEZ kanpo) eta haiek egiteko urte erdiko epea izanen da. Enpresa interesatuek otsailaren 9ra arte aurkeztu ditzakete euren proposamenak.
Irurtzungo alkate Aitor Larraza Carrerak esan digunez, lanek udalaren baimena dute eta udaberrian hastea espero du. Azaldu digunez, hiru fase horiek despedituta industrialdearen % 90 egina legoke, kale guztiak barne. Eginen diren lan guztiak Irurtzungo dermioan izanen dira, baina kale horiek Arakilen dauden partzelei sarbidea emanen diete. Larrazak argitu digunez, Inasako aparkaleku itxia zena lanen 5. fasea izanen da eta 6., berriz, bulego eraikina.
Batzarrak
Udala irurtzundarrei zabaltzeko asmoz eta haiek herria hobetzeko zituzten proposamenak azaltzeko bilerak egin ziren pasa den larunbatean. Jende gutxi agertu zen baina euren ekarpenak egin zituzten. Bai horiek bai aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan sortzen diren ideia asko aurrekontuetan txertatzen dituztela azaldu digu alkateak. Eta udalaren aurtengo diru-kontuak martxoan onartu nahi dituztela jakinarazi digu.