Nafarroako Gobernuak 2017ko Kirol Sariak nortzuk jasoko dituzten erabaki du. Nafarroako Kirol eta Gazteri Institutuak banatzen ditu sariak, nafar kirolari eta entitateen lana, emaitzak eta jarduna saritzeko. 11 sari dira guztira, eta Nafarrako Kirol eta Gazteri Institutuko ordezkariek, toki entitateetako kideek, kirol federazio eta entitateen ordezkariek eta komunikabideetako eta unibertsitateetako ordezkariek osatu dute epaimahaia.
Tartean, Osasuna Magna Xota areto futbol taldeak jasoko du gizonezkoen talde onenaren saria. Imanol Arregi entrenatzaile irurtzundarrak zuzentzen duen taldea 5.a sailkatu zen 2016/2017 denboraldiko lehen mailako ligan eta Errege Kopako txapeldunordea izan zen. Liga lortzeko play-offetan finalerdian erori zen Osasuna Magna. Egun, 2017/2018ko lehen mailako liga jokatzen ari da talde berdea eta sailkapenean laugarrena da; denboraldi bikaina egiten ari dira. Aipatzekoa da ere Osasuna Magnako Daniel Saldise jokalari irurtzundarrak bi lagunarteko partida jokatu zituela Espainiako selekzioarekin, eta Bratislavako hiruko torneoa.
Sariak otsailaren 26an banatuko dira, Baluarten, 19:00etan abiatuko den ekitaldi instituzionalean.
Nafarroako txotx denboraldia mustu zuen Osasuna Magnak
Berueteko Behetxonea sagardotegiak mustu zuen Nafarroako sagardotegien denboraldi irekiera. Ilbeltzaren 19an izan zen, eta Osasuna Magnako jokalariak izan ziren kupelak mustu eta denboraldiko lehen “txotx” deialdia egin zutenak. Talde berdeko jokalari nafarrak izan ziren bertan, Javi Eseverri, Roberto Martil, Asier Llamas, Dani Saldise eta Iñigo Iribarren; baita talde berdeko entrenatzaile Imanol Arregi irurtzundarra ere bai.
Europako Txapelketagatik atsedenaldia
Lehen mailako areto futbol liga atsedenaldian dago, Europako areto futbol txapelketa dagoelako jokoan. Espainiako selekzioan dabil talde berdeko Rafa Usin jokalaria. “Geldialdi hau ongi etorriko zaigu, atseden hartu eta denboraldiko azken txanparako pilak kargatzeko” azaldu du Dani Saldise jokalari irurtzundarrak. Bitartean, momentu bikainean dago Osasuna Magna. Inter Movistarrek jarraitzen du lider (53 puntu) eta Osasuna Magna laugarrena da (43 puntu), Barcelona bigarrena eta El Pozo Murcia hirugarrena 2 puntu eskasera dituela. Otsailaren 16an jokatuko da ligako 21. jardunaldia eta Osasuna Magnak Cartagena hartuko du Anaitasunan.
Alan, jokalari berria
Osasuna Magnak jokalari berria fitxatu du neguko azokan. Alan brasildarra da, 26 urte ditu eta Campo Mourao Futsal taldetik dator. Imanol Arregik zuzentzen duen taldean lesioak eragina izaten ari dira eta denboraldiko azken tartean taldea indartzeko fitxatu dute Alan, hegaleko jokalaria. Esperientzia dauka eta, tartean, Santos taldeko kidea izan da, 2011ko liga irabazi zuen taldekoa. Orain burokrazia eta paper kontuak isten ari dira eta aurreikusten da Alan aurki iritsiko dela, behar bezala entrenatu eta otsailaren 16an Osasuna Magnak Cartagenaren kontra jokatuko duen partidarako prest egoteko.