Lizarra kalearen 12. zenbakia duen etxea okupatu du gazte talde batek. Aurretik barruan izanak baziren ere, haien sarreraren berri larunbatean eman zuten. Egun horretan bertan eguerdian ateak irekitzearekin batera auzolana egin zuten. Arratsaldean batzar irekia egitekoak ziren, baina atzera ere garbiketa lanari heldu zioten. Hori izan baita asteburuan egindako auzolanetan egin dutena. Opatu dituzten objektuak eta bestelakoak gorde egin dituzte.
Gazte irurtzundarrek azaldu digutenez, larunbatean, batez ere gaztetxoak izan ziren jakin-mina azaldu zutenak eta Lizarra kaleko etxea bisitatu zutenak. Okupazioaren berri zabalduago zegoela eta igandean adin desberdineko herritarrak joan ziren etxera eta garai bateko oroitzapenak berritu zituzten. "Oraingoz harrera ona izan dugu. Helburua da proiektura jende gehiago hurbiltzea".
Mikelonen etxea izena omen zuen eraikinak garai batean. Baina 20 bat urte dira hutsik dagoela. Hala ere, sartu diren gazteak bizi aztarnak opatu zituzten, etxegabeak ibili direnaren seinale. Lau solairu ditu eraikinak. Behekoan estrabia edo ukuilua, zortzina gela eta komun bana dituzten bi solairu eta ganboikoa ditu etxeak. Guztira 906 metro karratu. Banku baten higiezinen enpresa batena da eraikina.
Duten ideia
Okupazioa egin duten gazteek argi dute hartutako lokala ez dela gaztetxe bilakatuko; "Irurtzunen aisialdirako espazioak badaude eta ongi funtzionatzen dute". Jabetza kolektiboa sustatzeko tresna bihurtu nahi dute eraikina. Dela etxebizitza, jaki, ibilgailu edo dena delakoa. "Gure bizitzako esparruak kudeatzen joateko modua. Ekintza politikorako zentroa". Herriko talde, eragile eta norbanakoek erabili dezaketen "gune askea" izatea nahi dute, beti ere, jabetza kolektiboaren ideiarekin.
Duten asmo hori herrian zabaldu nahi dute, hainbatekin eztabaidatu eta ekarpenak jasotzeko. Horregatik, heldu den astean batzarrera deitzeko asmoa dute. "Jendeari zabaldu nahi diogu. Edozer gerta daiteke".
Hasierako oharra
Okupazioaren berri ematearekin batera gazteek oharra zabaldu zuten Irurtzunek "gune aske berria" zuela, eta "desjabetuon behar zuzenei" erantzunen ziela jakinaraziz. Sare sozialak erabili zituzten horretarako asteburuan. Twitterren @irurtzunbotere profila zabaldu dute. Desjabetuak horrela definitu dituzte: "gure behar zuzenak betetzeko soldata edo dirua lortzeko lan egin behar dugun zein horretara kondenatuta gauden pertsonak, hau da langileria". Horrek parean luke "jabego pribatuaren metaketa" egiten duen burgesia jarri dute. Langileriari halako metaketa egitea ukatzen zaiola gaineratu dute. Horrek, besteak beste, honako "mugak" sortzen dizkio langileriari: "janaria erosteko, etxebizitza edo alokairua ordaintzeko, lekualdatzeko, aisialdirako, atseden hartzeko, ikasteko, seme-alabak mantentzeko, egunero lanpostura joan beharra". Emakumeek bizi behar dituzten indarkeria egoerak edo migratzaileek bizi dutena edo euskararen bazterketa moduko egoerak aipatu dituzte.
Horri guztiari aurre egiteko "jabetza kolektiboa eraiki eta kapitalismoak ezartzen dizkigun kate guztietatik askatzeko borroka egitea da aukera bakarra". Gazteek diotenez, "gure bizitza kudeatzeko gaitasun eta botere kolektiboa eraiki behar dugu, jasaten ditugun zapalkuntzak gainditu eta erasoetatik defendatzearekin batera". Langileek "interes eta behar konpartituak ditugu eta gune aske berriak horien aldeko borrokaren hazia izateko helburua du".
Gazte irurtzundarrek azaldu dutenez, "langabeek, ikasleek, pentsiodunek, etxekoandreek, merkataritza eta denda txikietako jabeek, desgaituek, niniek, gaixoek, umeek, kamioi-gidariek, emakume langileek, Inasako langile-ohiek… guztiok batu eta borrokatzeko espazioa lortu dugu". Ziurtatu dutenez, "urteak dira herriko eta inguruko talde zein norbanakook borrokarako espazio baten beharra genuela".
Okupazioa "desjabetuon borrokan funtsezko tresnatzat" jo dute, "garrantzizko ariketa, batez ere beharrizan kolektiboak asetzeko egiten denean eta, are gehiago, burgesiaren menpeko jabetza bat berreskuratzen dugunean". Irurtzungo gune askeko sustatzaileek herritarrak espazioa ezagutzera, haren funtzioei buruzko eztabaidan parte hartzera eta ekarpenak egitera animatu dituzte, beti ere, gogoratuz "gune askearen" jaiotze helburua dela "jabetza kolektiboaren eraikuntzan erreferentziazko gunea izatea".