Nafarroako Aldizkari Ofizialak asteartean jakinarazi zuen Aizpea, Irurtzungo euskaltzaleen topagunearen eta Pikuxar euskal txokoaren jarduna interes sozialeko proiektu izendatu dutela urte bukaerara arte. Horren ondorioz, bi elkarte horiek diruz laguntzen dituzten pertsonek Nafarroako Gobernuaren Mezenazgo Legeak ematen dituen zerga-pizgarriak erabiltzeko aukera izanen dute. Esaterako, 150 eurora arte ematen dutenei errenta aitorpenean %80 bueltatuko diete. Eta hortik gorako kopuruendako errentako itzulera %40koa izanen da.
Bi erakundeek elkarrekin Irurtzun, Euskara eta Kultura programa ondu eta aurkeztu dute. Haren helburu nagusia “herriko eta inguruko hizkuntza eta folklore ondarean babestea da, horretarako, euskararen erabilera eta bertako kultur adierazpenak sustatuz”. Eta gaineratu dutenez, “irurtzundarrei eta Irurtzunen aisialdiaz disfrutatzen duten inguruko herri eta ibarretako herritarrei zein bertako artista berriei zuzenduta dago”. Beraz, Aizpea eta Pikuxarreko bazkide direnak bi erakundeen urteroko jarduna diruz bermatzeaz aparte errenta aitorpenean abantailak izanen dituzte.