Hiru aktore eszenan. Irakaslea (Mireia Gabilondo) eta bi ikasle gazte (Ander Iruretagoiena eta Haritz Morras). Azken horietako batek, Lorenzok, 15 urte ditu, eta umezurztegia utzi eta abegi-familia batekin bizitzera joan da, Italiako hiri txiki batera. Han, Antoniorekin (gaztea) maiteminduko da. Antoniok sentimenduak adierazteko zailtasunak ditu, eta ez daki nola erantzun Lorenzok erakutsitako afektuari. Elena, berari falta zaion adorea ikasleei emateko gogotsu dagoen irakaslea, horren lekuko izanen da. Hiru pertsonaia horiek dira maitasun, gorroto eta indarkeriari buruzko obra bikain baten protagonistak. Eta erdian, musu bat, eromena eragin dezakeen musu bakar eta sinple bat...
Hori da Muxua antzezlanaren haria, Ttanttaka antzerki taldeak jokatuko duena. Antzezlana Ivan Cotroneok idatzi zuen eta Ritxi Lizartzak itzuli du. Aktoreak Fernando Bernuesek zuzendu ditu.