Irurtzunek ezin izan zuen Euskal Herriko txapela lortu

Guaixe 2018ko ots. 19a, 11:50

Azpeitiko Zazpi Iturrik hiru partidetatik bi irabazi zituen eta Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketa Nazionala irabazi zuen

Atzo, igandean, Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketa Nazionaleko finala jokatu zen Tolosako Beotibar pilotalekuan. Bi klub garrantzitsu zeuden aurrez aurre: Irurtzun eta Azpeitiko Zazpi Iturri. Torneo prestigiotsua denez, ikusmina handia zen. 600 pilota zale bildu ziren Tolosan eta, antolatzaileek adierazi zutenez, DeporteNavarracom bidez interneten jarraitu ahal izan zen zuzeneko emisioan mundu guztiko 23.000 konexio izan zituzten.

Jaialdiak emozio handia izan zuen eta pilota zaleek gozatu handia hartu zuten. Lehenik eta behin lau t´erdiko partida jokatu zen. Alberto Ongay satrustegiarrak bikain jokatu zuen, partida dominatu zuen eta Zazpi Iturriko Zubiria 18 eta 7 hartu zuen menpean, Irurtzun klubarendako lehen puntua lortuaz. Ondoren, buruz buruko partidan Olanok Irurtzun ordezkatu zuen eta Egigurenek Zazpi Iturri. Olano ongi hasi zen eta 10 eta 6 aurreratu zen, eta partida bideratuta zuela zirudienean, ordea, Egigurenek buelta eman zion, partidan sartu zen, berdindu egin zuen eta, sekulako partzialari esker, 11 eta 18 irabazi zuen.

Binakakoak erabaki zuen
Hortaz, binakako partidara bana berdinduta iritsi ziren Irurtzun eta Zazpi Iturri. Olazabalek eta Iosu Bergerak ordezkatu zuten Irurtzun; Labakak eta Aizpuruk, aldiz, Zazpi Iturri. Partida erabakiorrean finago ibili ziren Azpeitikoak. Julen Aizpuruk atzean dominatu zuen eta bere taldekide Peru Labakak ongi aprobetxatu zituen aurrean izan zituen aukerak. Horrela, azkenean, 12 eta 22 irabazi eta Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketa Nazionala irabazi zuen Zazpi Iturrik. Tamalez, txapela ez zen Irurtzunera etorri, baina lan ederra eginez despeditu dute jarduna txapeldunordeek. Txapeldunek 3.000 euro lortu zituzten eta txapeldunordeek, aldiz, 2.000. Gotzon Enbil eta Migel Pozueta presidenteez gain, Erik Jaka eta Julen Martija pilotariak izan ziren sari ematean.

Finalak jokatu baino lehen, txapelketan parte hartu duten 17 klubetako ordezkariei omenaldia egin zitzaien. Tartean zegoen Migel Beraza Loidi, Irurtzun kluba ordezkatzen. Euskal Federazioko lehendakari Gotzon Enbilek eta Nafarroako Federazioko presidente Miguel Pozuetak banatu zituzten oroigarriak.