Cartagenak lortu zituen Anaitasunako 3 puntuak

Guaixe 2018ko ots. 19a, 12:52

Areto futboleko lehen maila. 21. jardunaldia: Osasuna Magna Xota 2 –Cartagena 5

Europako Txapelketako hilabeteko geldialdiaren ondoren itzuli da areto futboleko lehen mailako liga. Eta itzulera ez da oso gozoa izan Osasuna Magna Xotarendako. Irurtzungo taldeak Cartagena hartu zuen Anaitasunan, 2.650 zaletu bertan zeudela, baina konturatu baino lehen maldan gora jarri zitzaien partida berdeei eta, azkenean, 2 eta 5 irabazi zuen Cartagenak.

Partida hasi eta berehala Juanpik Cartagena aurreratu zuen. Cartagenakoek gora egin zuten, Osasuna Magnakoak noraezean ibili ziren, akats larriak eginez, eta nafarrak ia konturatu gabe bisitarien beste bi gol etorri ziren atzetik. Horrela, erremontatu beharreko 3 gol zituzten aurretik jokalari berdeek. Horretaz gain, Asier atezainari, Fernandezekin izandako talkan eta gero, hatza zabaldu zitzaion eta medikuek artatu behar izan zioten. Imanolek arriskatu egin zuen eta Martel jarri zuen atezain-jokalari. Atsedenaldia baino lehen Dani Saldiseren golak 3 eta 1 hurbildu zuen Osasuna Magna.

Bigarren zatian gogoekin atera ziren berdeak, eta gol aukera ugari sortu zituzten. Javi Eseverriri gol bat baliogabetu zioten, eta kontraeraso batean Cartagenak laugarrena sartu zuen. Handik gutxira Osasuna Magnaren bigarrena sartu zuen Dani Saldisek eta Imanol Arregiren mutilak animatu egin ziren. Azkar jokatu zuten, eta azkartasun hori dela medio sarrera bat egin zuen Araçak; aldageletara bidali zuten epaileek. Cartagenak bosgarrena sartzeko aukera izan zuen eta horrela despeditu zen partida.

Lehen zatian penagarri aritu zirela onartu zuen Imanol Arregi entrenatzaileak. “Penagarri ibili gara, beraiek baino askoz mantsoago. Baloi ugari galdu ditugu, kornerreko gola barkaezina da eta partida kaskarra egin dugu. Beraiek irabazi dute, merezimendu osoz” aitortu zuen Arregik.

Larunbatean derbia
Movistar Inter da lehen mailako liderra (56 puntu). Osasuna Magnak laugarren postuan jarraitzen du (43 puntu) baina El Pozo Murcia eta Barcelona 5 puntura ditu orain. Larunbatean Osasuna Magnak eta Aspil Vidal Ribera Navarrak derbia jokatuko dute, Tuteran, 18:30ean. Erriberako taldeak ere galdu egin zuen aurreko asteburuan eta, hortaz, minduak dauden bi taldeen arteko lehia izango larunbatean okoan dagoena.