Azaroaren 25ekoa, udazkeneko dantza jaialdia izan behar zena, arazo bategatik bertan behera gelditu zen. Bi dantza talde parte-hartzaileek hala ere hura ospatzeko asmoari eutsi zioten eta negu betean eskainiko dute dantza erakustaldia Iruñeko Amaiur dantza taldeak eta Irurtzungo Orritz dantza taldeak. Bi taldeak "aspaldi" elkar ezagutzen dute eta behin baino gehiagotan aritu dira elkarlanean.
Irurtzunen antolatzen diren dantza jaialdietan ohikoa denez, emanaldiaren aurretik dantzariak herrian barna kalejira eginen dute. Horrela, irurtzundarrak dantza saiora erakarri nahi dituzte.
Jaialdia
Bai Amaiurreko bai Orritzeko kideek Euskal Herriko dantzen erakustaldia eskainiko dute oholtzan. Batzuk eta besteak txandakatuz joanen dira jendaurrean. Orritzeko kideek batez ere Nafarroako dantzak dantzatuko dituzte. Amaiurrekoek, berriz, Gipuzkoa, Bizkaia eta Zuberoa eta Nafarroako dantzak eskainiko dituzte. Emanaldi "osatua eta anitza" prestatu dutela jakinarazi dute. Dantza jaialdiak bigarren zatia ere izanen du, bi taldeetako kideen ondorengo afaria eta parranda.
Orritz dantza taldea 25 bat dantzarik osatzen dute gaur egun. Haiek eta musikariak, biharko emanaldirako 55 pertsonako koadrila bilduko da. Atakondoa eskola publikoko gimnasioan entseatzen dute, ostiralero, 21:30ean. Taldekideek beso-zabalik hartuko dute dantzatzeko gogoa duen edozein pertsona, entsegu egunean gerturatzea besterik ez du egin behar.
Orritz dantza taldeak euskal kultura sustatu eta zabaltzea du helburu. Orritz-Iskidi gazte elkarteak dantzariez aparte joaldun taldea eta pertsonaia mitologikoak ditu.