Derbia Osasuna Magnarendako

Guaixe 2018ko ots. 26a, 11:34

Lehen Maila. 23. jardunaldia: Aspil Vidal Rivera Navarra 1 – Osasuna Magna 7

Larunbatean Areto Futboleko Lehen Mailako derbia jokatu zen Tuteran, Aspil Vidal Rivera Navarra eta Osasuna Magna Xota taldeen artean. Partida hasi baino lehen, Aspil Vidalek Osasuna Magnako kapitain Javi Eseverri omendu zuen. Jakina denez, Otsagiko jokalariak jokalari izateari utziko dio denboraldia bukatzen denean.

Partida hasieran bi taldeak parez pare ibili ziren. Aspil Vidalek erritmo altua ezarri zion partidari eta Erriberakoek gol aukerak izan zituzten, baina ez zuten aztatu. Osasuna Magnaren atea defendatzeko ardura Eduk zuen, eta lesionatua dagoen Asierren tokia oso ongi defendatu zuen Eduk, geldialdi bikainak egin baitzituen. Osasuna Magna okerren zegoenean, Bynhok talde berdea aurreratu zuen, eta handik gutxira Llamasek bigarrena sartu zuen. Aspil Vidalekoak saiatu ziren, baina David eta Victorren kaleratzeagatik nahiko jota geratu ziren. Ildo honetan, Tuterakoek oso gogor kritikatu zituzten arbitroen erabakiak. Eric Martelek Osasuna Magnaren hirugarrena sartu zuen eta Bynhok laugarrena. Bigarren zatian Osasuna Magnaren gol festak jarraitu zuen eta Roberto Martili eta Bynhori esker, 1 eta 7 irabazi zuten Imanol Arregiren mutilek. Bynhok guztira 4 gol sartu zituen.

Imanol Arregi entrenatzaileak gakoa hirugarren golean egon zela nabarmendu zuen. “0 eta 3 aurreratu eta gero, partida gurea izan da” aipatu zuen. Edu atezainaren lana goraipatu zuen entrenatzaile irurtzundarrak. “Oso atezain ona da, arazoa da Asier ikusgarria dela” gehitu zuen.

Ostiralean Jaen hartuko dute berdeek
Sailkapen orokorrean Movistar Inter da liderra (56 puntu). Osasuna Magna laugarrena da (46 puntu). Ostiralean talde berdeak 43 punturekin sailkapenean bosgarrena den Jaen hartuko du Anaitasunan, 20:30ean. Bi taldeak arerio zuzenak dira eta, beraz, lehia estua espero da.