Osasuna Magnak kirol talderik onenaren saria jaso du

Guaixe 2018ko ots. 27a, 12:52

Nafarroako Gobernuak 2017ko Kirol Sariak eman zituen astelehenean eta Osasuna Magna Xotak kirol talderik onenaren saria jaso zuen

Astelehenean Baluarten burututako ekitaldi instituzionalean Nafarroako Gobernuak 2017ko Kirol Sariak banatu zituen. Tartean, Osasuna Magna Xota areto futbol taldeak gizonezkoen talde onenaren saria jaso zuen. Javi Eseverri kapitain handia igo zen oholtzara saria jasotzera. Uxue Barkos presidenteak nabarmendu zuen talde berdeak “urtero lorpen berriekin hunkitzen gaituela” eta taldeak “bere ADNa aldaezina mantentzea” izugarri baloratu zuen. Nafarroako Gobernuak aipatu zituen merituen artean, Imanol Arregi entrenatzaile irurtzundarrak zuzentzen duen taldea 5.a sailkatu zen 2016/2017 denboraldiko lehen mailako ligan eta Errege Kopako txapeldunordea izan zen. Liga lortzeko play-offetan finalerdian erori zen Osasuna Magna. Egun, 2017/2018ko lehen mailako liga jokatzen ari da talde berdea eta sailkapenean laugarrena da; denboraldi bikaina egiten ari dira. Aipatzekoa da ere Osasuna Magnako Daniel Saldise jokalari irurtzundarrak bi lagunarteko partida jokatu zituela Espainiako selekzioarekin, eta Bratislavako hiruko torneoa.

Nafarroako Kirol eta Gazteri Institutuak banatzen ditu Kirol Sariak, nafar kirolari eta entitateen lana, emaitzak eta jarduna saritzeko. 11 sari dira guztira, eta Nafarrako Kirol eta Gazteri Institutuko ordezkariek, toki entitateetako kideek, kirol federazio eta entitateen ordezkariek eta komunikabideetako eta unibertsitateetako ordezkariek osatu dute epaimahaia.