Min egiten duen porrota jaso zuen Osasuna Magnak

Guaixe 2018ko mar. 5a, 10:49

Jaenek 2 eta 3 irabazi zion Anaitasunan, partida bukaeran

Modu mingarrienean galdu zuen Osasuna Magna Xotak Lehen Mailako Areto Futboleko azken jardunaldia. 2.800 zaleren aurrean Jaenek garaipenaren gola sartu zuen partida despeditzeko segundo bateko ehuneneko exkax batzuk falta zirenean. 3 puntu galtzeaz gain, Osasuna Magnak sailkapeneko laugarren postua galdu zuen, hain zuzen ere Jaenek lapurtu ziona.

Jokoan asko zuten Osasuna Magna Xotak eta Jaenek, sailkapeneko laugarren postua, hain zuzen. Talde berdea hasi zen dominatzen. Bosgarren minuturako Eric Martelek Osasuna Magna aurreratu zuen. Osasunak dominatzen zuen, aukera gehiago izan zituen, baina lehen zatian baloia ez zen gehiago Jaenen sarean sartu. Bigarren zatian Jaen indarberrituta atera zen. Hala ere, Eric Martelek Osasuna Magnaren bigarrena sartzea lortu zuen. Baina Jaenek markagailuan gerturatzean lortu zuen Campoyk sartutako golari esker. Urduritasuna nagusitu zen orduan pistan. Osasuna Magnaren jaurtiketak zurtoinean bukatu zuten eta Jaenek bina berdintzea lortu zuten. Anaitasuna betetzen zuten zaleek talde berdea animatu zuten eta partida binako berdinketarekin despedituko zela zirudienean, Jaeneko Boyisek jaurtiketa egin eta partida bukaeraren txirrinak jo zuen, une horretan baloia Xotaren atera sartzen zen bitartean. Zur eta lur geratu ziren guztiak eta arbitroak baliozkotzat jo zuen gol hori, Jaeni garaipena eta laugarren postua eman ziona. Sekulako beheraldia, aldiz, Osasuna Magnari. Rafa Usinek 300 partida bete zituen talde berdean baina ezin izan zuen nahi zuen moduan ospatu.

Modu krudelenean
“Partida oso irekia izan da, edozeinek irabazi ahal du, baina partidak modurik krudelenean ihes egind digu” zihoen Imanol Arregi entrenatzaileak, lur jota. “Segundu bateko 22 ehuneneko. Hori da esan behar dudan bakarra” nabarmendu zuen. Oraindik 7 partida geratzen dira liga bukatzeko eta borrokan jarraitu behar dutela, argi dute Osasuna Magnan. “Jota gaude, baina altxatu beharra dago” azaldu zuen entrenatzaile irurtzundarrak.

Ostiralean Palma Futsal arerio
Lehen mailako liderra Movistar Inter da (56 puntu). Osasuna Magna bosgarrena da (46 puntu), laugarrena den Jaenekin puntutara berdinduta. Ostiralean Osasuna Magnak Mallorcan jokatuko du, 37 punturekin sailkapenean seigarrena den Palma Futsalen kontra, 20:30ean hasiko den partidan. Ea  hiru puntuak lortu eta laugarren postua berreskuratzeko aukera duten berdeek.