Espainiako Kopara, sentsazio bikainekin

Guaixe 2018ko mar. 12a, 13:53

Lehen Mailako ligako azken partidan Palmari 1 eta 4 irabazi zion Osasuna Magna Xotak. Asteburuan jokatuko den Espainiako Kopara animo ederrarekin joango dira berdeak

Aurreko asteburuan Jaenekin galdu eta gero, arantza ateratzea lortu du Osasuna Magna Xotak, ostiralean 1 eta 4 irabazi baitzion Palma Futsali Mallorcan jokatutako partidan. Talde berdeak, halaber, sailkapenean gora egin du eta laugarren postua berreskuratu du.

Dani Saldisek Osasuna Magna aurreratu zuen, baina Palma Futsalek bana berdintzea lortu zuen atsedenaldia baino lehen. Bigarren zatian berdeek agindu zuten eta hiru gol sartu zituzten, Alvaritok, Bynhok eta Araçak. Imanol Arregi entrenatzailea pozik zegoen. “Paretsu ibili dira bi taldeak, baina 1 eta 2-aren ondoren errazagoa izan da. Hau garaipen oso garrantzitsua da guretako, eta talde on bati 1 eta 4 irabaztea, asteburuan jokatuko den Espainiako Kopara joateko modu bikaina da” nabarmendu zuen Irurtzungo entrenatzaileak.

Lehen mailako lider Movistar Inter da (59 puntu). Osasuna Magna laugarren postura igo da (49 puntu), eta 5 puntura du Bartzelonak duen hirugarren postua. Asteburu honetan ez da ligako jardunaldirik jokatuko, Espainiako Kopa jokatuko delako.

Espainiako Kopa
Aste honetan jokatuko da Espainiako Kopa, Madrilen. Lehen partidan, final laurdenetan, ostegunean, 21:15ean (Teledeporte), Lehen Mailako lider Inter Movistarren kontra aritzea dagokio talde berdeari, eta partida konplikatu horretarako behar bezala prestatzea izango da Osasuna Magna Xota taldeko jokalarien lana aste honetan barna. Beste partidatan, Palma Futsalek El Pozo Murcia izango du arerio, Plasticos Romerok Jaen Paraiso eta Barcelona Lassak Rios Renovables. Finalerdiak larunbatean jokatuko dira eta final handia, aldiz, igandean.