Lapurrak estankoan

Guaixe 2018ko mar. 16a, 10:28

Hori da Irurtzungo antzerki tailerraren azken lanaren mamia. Gaur, 20:00etan eta 22:30ean emanen dute; larunbatean, 20:00etan eta igandean, 19:00etan, kultur etxean

Joan den urtean ezkontza batean gertatutakoak antzeztu bazituzten, aurten Irurtzungo antzerki tailerrekoek lapurreta bat taularatuko dute: El estanco. Jose Luis Alonso de Santosek 1981ean idatzitako La estanquera de Vallecas antzezlanaren moldaketa egin du Angel Sagues zuzendariak eta dramaturgoak.

Gizarteak baztertutako hiru pertsona, lapurrak, estanko zahar batean lapurtzera sartzean hasten da guztia. Hura adineko emakume batek eta haren bilobak kudeatzen dute eta lapurrak ikustean oihu eginen dute. Oihuek jendea erakarriko dute. Eta polizia. Eta gobernadorea. Eskale batzuek gertatzen denaren kontakizuna eginen dute bitartean.

Estanko barruan gertatzen dena publikoak haren erakusleihotik ikusiko du. Saguesek ohi duenez, eszenografia nahikoa sinbolikoa izanen da, “publikoak irudikatzeko aukera izan dezan”. Estanko barruan mostradorea eta gona-mahaia besterik ez da.

Gogor
Lastailean hasi zen antzerki tailerra lanean, asteazkenetan, 18:00etatik 20:00etara. Saguesek joan den urtean dozena bat aktore bere esanetara bazituen aurten hamar ditu. Eskarmentu handikoak guztiak ere. Tailerraren dinamikak berak hasieran antzerki teknikak lantzera eraman zituen, baina berehala hasi ziren antzezlana prestatzen. Saguesek esan digunez, “Sekula ez da ikastez bukatzen, ikuskizun bakoitzarekin ikasten da. Egia da, eskarmentuarekin, batzuek hobeki ontzen dituztela pertsonaiak”.

Astero entseatzetik aste honetan egunero egitera pasa dira. Gogor aritu dira egunero, eszenografia, doinu banda, argia eta detaile guztiak prest egoteko. Irurtzungo emanaldien ondoren, urtero uda partean Etxaurin egiten diren antzerki tailerren topaketan emanen dute berriro. Garesen eta Iruñeko El Bardon emateko aukera ere badago. Antzezlana ikusi eta gogoko dutenek, tailerrekoekin hitz egin dezakete beste emanaldiren bat lotzeko.

Zein da zein 

Txus Abad, lapurra.
Peio Alzueta, lapurra.
Mª Eugenia Barroso, medikuz mozorrotutako polizia.
Goio Fernandez, gobernadorea.
Txeli Garcia, polizia eta moja.

Carolina Leiba, lapurra.

Genma Matxain, eskalea.
Beatriz De Esteban, biloba.
Tere Otxoa, estankoko nagusia.
Zuriñe Serrano, eskalea eta kazetaria.