Bartzelona hartuko du gaur Osasuna Magnak

Guaixe 2018ko mar. 23a, 10:37

Gaur, ostiralean, 21:15ean, Anaitasuna pabilioian

Espainiako Kopako kontuak atzean geratu dira. Osasuna Magna final laurdenetan erori zen, Movistar Inter taldearen kontra 2 eta 1 galdu ostean, partida oso estuan. Irurtzungo taldeak hortzak erakutsi zizkion Movistar Inter faborito nagusiari baina, tamalez, balentria ezinezkoa izan zen eta Imanol Arregiren mutilek txapelketatik kanpo geratu ziren. Bikain jokatu zuten, parez pare aritu ziren Movistar Inter talde ahaltsuarekin baina ametsak beste batean beharko du izan. Nolanahi ere, Jaen izan zen sorpresa eman zuena, Espainiako Kopako final handian Movistar Interri irabazi baitzion.

Kopa atzean utzita, Lehen Mailako Areto Futboleko Ligan ditu oinak Osasuna Magna Xotak. Sailkapenean laugarrena da Imanol Arregiren taldea, 49 punturekin, eta 5 puntura du Bartzelona hirugarrena. Hain zuzen ere, gaur, ostiralean, Bartzelona hartuko du Osasuna Magnak Anaitasuna pabilioian, 21:15ean. Hirugarrenarekin distantzia gutxitzeko aukera bikaina du talde berdeak eta ikusmina handia da, Bartzelona puntako taldea baita. Baina Osasuna Magna beti handitu egiten da talde ahaltsuen kontra aritu beharra duenean.

Osasuna Magna Xotak klubaren eguna izendatu du ostirala eta, horregatik, abonatuek ere sarrera atera beharko dute Bartzelona ikusteko. Abonatuek 10 euro ordaindu beharko dute eta abonatu adingabeek 5 euro. Abonatuak ez direnen kasuan, helduek 20 euro, 7 eta 17 urte bitarteko gazteek 10 euro eta 7 urtetik behekoek 5 euro ordaindu beharko dituzte.