Osasuna Magnak barkatu eta Bartzelonak irabazi

Guaixe 2018ko mar. 26a, 12:37

Lehen maila. 25. jardunaldia: Osasuna Magna 1 – Bartzelona 6

Espainiako Kopa jokatu ostean, asteburuan Lehen Mailako areto futbol txapelketako 25. jardunaldia egon zen jokoan. Bartzelonak Osasuna Magna Xota bisitatu zuen eta 2.750 zale bildu ziren Anaitasuna pabilioian. Sailkapenean laugarrena dago Osasuna Magna eta hirugarrena den Bartzelonarekin aldea murrizteko aukera zuten nafarrek, baina ezinezkoa izan zen, Bartzelona gailendu baitzen. Horrela, Bartzelona bigarren postura igo zen eta Osasuna Magna bostgarren postura jaitsi.

Onartu beharra dago Bartzelona nagusi izan zela; partida dominatu zuen eta kontrako atean asmatzen jakin zuen. Bosgarren minuturako aurreratu zen Bartzelona, penaltiz. Dominatzen hasi zen Bartzelona, baina Osasuna Magnak ongi eutsi zuen. Akats bat izan zuen Imanol Arregiren taldeak, tarteka izaten duena: kontrako atean haztatzeko punteria falta. Gol aukera ederrak izan zituen Osasuna Magnak, baina punteria falta horrengatik eta Bartzelonako Juanjo atezain bikainaren geldiengatik, kontrako atean ezin puntuatu ibili ziren berdeak. Aldiz, Bartzelona ongi ibili zen kontrako atean eta lehen zatian 0 eta 3 aurreratu zen. Partida bukatzeko 9 minuturen faltan, Eric Martel atezain-jokalari jarri zuen Imanol Arregik. Bartzelonak laugarrena sartu zuen, baina handik gutxira Eseverrik berdeen aldeko gola egitea lortu zuen. Ondoren Araçak hartu zuen atezain-jokalariaren postua, baina Bartzelonak bere kalitatea erakutsi zuen eta 3 minuturen faltan 1 eta 5-ekoa sartu zuen talde kataluniarrak. Eta horrela despeditu zen partida.

Imanol Arregi entrenatzaileak onartu zuen bere taldeak punteria falta izan zuela. “Aukera asko alferrik galdu genituen, kontrako atean ez dugu haztatu. Ezin da horrenbeste huts egin, are gutxiago Bartzelona bezalako arerioekin” nabarmendu zuen Irurtzungo teknikariak, Bartzelonaren garaipena “justua” izan zela gaineratuz, baina “potoloegia”.

Sailkapen orokorrean Movistar Interrek jarraitzen du lider (60 puntu), 3 puntura Bartzelona duela (57 puntu). Galdu eta gero, postu bat egin du behera Osasuna Magnak eta egun bostgarrena da (49 puntu), Jaen laugarrenarekin puntura berdinduta. Larunbatean sailkapenean 11.a den Catgas Energia izango du aurkari, 13:15ean, eta apirilaren 6an, ostiralarekin, Osasuna Magnak sailkapenean 10.a den Levante hartuko du, 20:30ean, Anaitasuna pabilioian. Ea egoerari buelta eman eta Irurtzungo taldeak puntuak pilatzen dituen.