Joaldunen baratzak fruituak ematen segitzen du

Guaixe 2018ko api. 18a, 10:10
Joaldun txikiak abiatzeko prest. Iskidi.

Iskidi taldeak hirugarren urtez joaldun eta trikimakoen (hankapaloak) ikastaroa despeditu berri du.

Aste Santuarekin batera despeditu zen Iskidi taldeak antolatu eta lastailean hasi zen joaldun eta trikimako ikastaroa. Sei hilabetez 6 eta 12 urte arteko 25 neska-mutikok parte hartu dute ikastaroan. Atakondoa eskola publikoan ostiraleko klaseak despeditu eta segituan ekiten zioten ikasteari.

Urte erdi horretan joareak jotzen ikasteaz aparte, benetako joaldun baten moduan janzten ikasi zuten, bakoitzari dagokion joare, jantzi eta ttuntturroarekin. Azken horiek eta trikimakoak haien gurasoek egin dituzte. Horretarako, Iskidikoek propio ikastaroa antolatu zuten. Gurasoek eskulanetan euren trebetasuna erakutsi zuten, udalak eta Pikuxarrek utzitako guneetan.

Handik atera ziren gero neska-mutikoek ikastaroan erabili zituzten txano eta zurezko hankak. Baina ederki trebatu eta gero jendaurrean ere aritu dira, bitan behintzat bai. Lehenik, abenduaren 24an Olentzerori Irurtzunen prestatu ongi etorrian izan zen. Orduan Iskidiko joaldun nagusiekin batera aritu ziren. Orritz dantza taldeak otsailaren 20an antolatutako dantza jaialdian ere parte hartu zuten. Inauterietan joaldun txikiak ateratzekoak ziren, baina eguraldiak bertan behera utzi zuen asmoa. Hala ere, Iskidi taldeak erreleboa bermatua duela dirudi.