Segoviaren kontrako garaipen sendoa lortu du Osasuna Magnak

Guaixe 2018ko api. 16a, 12:04

Imanol Arregiren taldeak 5 eta 8 irabazi zion Naturpellet Segoviari

Segovian partida bikaina egin zuen Osasuna Magnak eta 5 eta 8 irabazi zion Naturpellet Segoviari golez jositako partidan. Esan beharra dago lehia hasi eta berehala aurreratu zela Osasuna Magna eta atsedenaldira 1 eta 5eko aldeko markagailuarekin joan ziren Imanol Arregiren mutilak, Eric Martel, Alex Llamas (2), Araçak eta Victorrek sartutako golei esker. Bigarren zatian erasoan jarraitu zuten berdeek eta atezainek geldialdi bikainak egin zituzten. Roberto Martilek seigarrena sartzea lortu zuen, baina Segoviak erantzun bikaina eman zuen eta tarte laburrean 5 eta 6 hurbildu ziren markagailuan. Dena den, Osasuna Magnak egoerari aurre egiten jakin zuen, defentsa sendoa ezarri zuen eta Rafa Usinek bi gol sartzeko aukera izan zuen. Azkenean, 5 eta 8 irabazita, pozik itzuli zen talde nafarra.

“Lehen zatian nagusi izan gara, kontraerasoak ongi aprobetxatu ditugu eta kontrako astean ongi asmatu dugu, baina bigarren zatian, hainbat minututan partidatik kanpo egon gara eta 5 eta 6raino hurbildu zaigu Segovia. Sufritzea tokatu zaigu, naiz eta azken minututan bi gol sartu eta garaipena lortu. Irabaztea merezi izan dugu, baina partidatik kanpo egon gara une batean eta egoera konplikatu egin zaigu” azaldu zuen Imanol Arregi entrenatzaileak.

Lehen mailako areto futboleko liderra Movistar Inter da (68 puntu). Osasuna Magna bosgarrena da (58 puntu), laugarrena den Jaen Paraiso taldearen puntu berberekin. Larunbatean 25 punturekin sailkapenean 13.a den Peñiscola RehabMedic taldea izango du aurkari Osasuna Magnak, Peñiscolan.