Irurtzungo festetarako irudi bila

Guaixe 2018ko api. 24a, 09:44

Udalak kartel lehiaketa deitu du, haur , nerabe eta helduen mailan. Lanak garagartzaroren 1era arte aurkeztu daitezke

Irurtzungo Udalak 28. aldiz herriko festak iragartzeko kartel lehiaketa antolatu du. Aukeratutako irudia festa-egitarauko azala izanen da. Oinarrietan jaso denez, lehiaketan urte hasieratik Irurtzunen erroldatuta dauden pertsonek parte hartu dezakete. Bi maila izanen da. Batetik, haurrena, bi kategoria dituena: 5-10 urte eta 11-14 urte. Bestea, helduena, 15 urtetik gorakoendako da. Lehiaketara aurkezten diren lanek jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan beharko dute.


Lehiaketara aurkeztutako lanek honako baldintzak bete beharko dituzte helduen mailan: kartulina edo euskarri gogor baten gainean aurkeztea eta 42 cm zabal eta 60 luze izatea. Haurren mailan kartulina baten gainean aurkeztu beharko dira proposamenak, 29,5 x 42 cm-ko (A3 tamaina) neurria duena. Lan guztietan honako testua agertu beharko da derrigorrez: Irurtzungo Jaiak. Uztailak 18-22 Julio 2018. Fiestas de Irurtzun.

Lanak garagartzaroaren 1erako, 14:00etarako aurkeztu beharko dira. Plika sistema erabiliz aurkeztu beharko dira, egilearekin harremanetarako beharrezko datu guztiak emanez. Hilabete horretan bertan jakinaraziko da aukeratutako lana zein den. Sariak, berriz, txupinazoaren aurretik emanen dira. Txikienarendako 75 euro izanen dira, nerabearendako 100 eta helduen mailako irabazlearendako 400.